Gutxieneko soldata

Gobernuak proposatutako igoerak ez die erantzuten Hego Euskal Herriko beharrei

2026/01/14
Gobernuak proposatutako igoerak ez die erantzuten Hego Euskal Herriko beharrei
Espainiako Gobernuak 2026rako Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata %3,1 igotzea proposatu du, alegia, hilean 1.221 euro izatea. ELA, LAB, STEILAS, HIRU eta Etxalde sindikatuek uste dute ez dela nahikoa, eta martxoaren 17an greba egiteko deia berretsi dute. Sindikatuek irmo defendatu dute Gutxieneko Soldata Gasteizko eta Iruñeko gobernuen menpe egon beharko litzatekeela eta 1.500 eurokoa izan behar dela.

Espainiako Gobernuak 2026rako lanbide arteko gutxieneko soldataren %3,1eko igoera proposatu du, hilean 1.221 euro. Zenbateko horrekin ezinezkoa da duintasunez bizitzea HEHn, are gutxiago etxebizitzaren edo elikagaien prezioek azken urteetan izandako gorakada kontuan hartuta.

ELAk, LABek, STEILASek, HIRUk eta Etxaldek, azken hilabeteetan bi bide landu dituzte gutxieneko soldata HEHn erabaki dadin: alde batetik, Herri Ekimen Legegile bat bi
Parlamentuetan, eta bestetik, Lanbide arteko Akordio bat Confebaskekin EAEn eta CENekin Nafarroan. Herri Ekimen Legegilearen kasuan, ia 140.000 sinadura bildu ziren, baina Parlamentuek proposamena eztabaidatzeko aukera bera ere ukatu zuten. Patronalek, berriz, negoziatzeari uko ekin diote.

Gutxieneko Soldata funtsezko tresna da gizarte kohesiorako, eta lan baldintza prekarioak dituzten milaka langile pobreziatik ateratzeko balio dezake ere. Kalkulatzen da HEHn
300.000 pertsona baino gehiago daudela 1.500 eurotik behera kobratzen dutenak, horietatik erdia baino gehiago lanaldi osoan eta zuzenean onuradunak izango liratekeenak. Gainera, LGSaren igoerak soldaten igoera orokorra ekarriko luke, eta horrek langile askoz gehiagori eragingo lieke.

"Beste behin ere, Gutxieneko Soldata Madrilen ezarriko da, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren konplizitatearekin", kexu dira sindikatuak. Egoera honen aurrean, ELAk, LABek, STEILASek, HIRUk eta Etxaldek irmoki babesten dituzte martxoaren 17ko greba orokorraren aldarrikapenak, soldaten igoera orokorraren beharra defendatuz eta euskal alderdiei exijitzen diete lanean jar daitezela gutxieneko soldata propioa helburu. "Espainiako Gobernuak proposatutako LGSa ez da nahikoa. 2026rako 1.500 euroko LGS propioa funtsezko tresna da; horregatik, langile klase osoaren inplikazioa ezinbestekoa da", azpimarratu dute sindikatuek.