Lan heriotza Zallan

Amazoneko azpikontrata bateko langile bat hil da tren batek harrapatuta

Amazoneko azpikontrata bateko langile bat hil da tren batek harrapatuta
2025ean, gutxienez 45 langilek lan istripu hilgarria izan dute Hego Euskal Herrian. Lan heriotza guztietatik 14 garraiolariak ziren, hau da, istripu guztien % 29.

Amazonek paketeria banatzeko azpikontratatutako GRUSO Logística y distribución SLU enpresako gidari bat hil da, atzo, urriak 29, Zallako Ibarra auzoan tren batek harrapatu eta gero. Istripua hesirik gabeko eta ikuspen txarreko trenbide pasagune batean gertatu zen.

2025ean, gutxienez 45 langile hil dira lanean Hego Euskal Herrian: 10 Bizkaian, 9 Gipuzkoan, 7 Araban eta 19 Nafarroan. Lan heriotza guztietatik 14 garraiolariak ziren, hau da, istripu guztien % 29.

Sektore honek lan erritmo altuak pairatzen ditu, pakete epe zorrotzetan entregatzeko denborarekin eta lanaldi nekagarriekin, eta horrek istripua izateko arrisku handia dakar, estresa eta antsietatea direla eta. Gehienetan, lan istripu horiek trafiko istripu gisa kamuflatzen saiatzen dira, jarduerari lotutako arriskuak kontuan hartu gabe. Horrekin batera, errepideen egoera eta, kasu zehatz honetan, trenbide pasaguneko segurtasun neurririk eza kontuan hartuta, langileen kolektiboak lan istripu ugari izaten ditu.

Horregatik, ELAk premiazkotzat jo du lan erritmoak eta denborak ebaluatzea, baita arrisku psikosozialak ere, entregetan estresa eta erritmoak minimizatzeko prebentzio neurriak ezartzeko eta erakundeei errepideak ondo mantentzeko eta puntu beltzak kentzeko eskatzeko.

ELAk datozen egunetan ekintzak antolatuko ditu lan heriotza salatzeko, eta lan istripuekin behin-betiko amaitzeko borondate politikorik eza salatuko du.