Gaurko dekretazoa, inoizko Jaurlaritzak euskal langileei egin dien erasorik latzena

2012/01/10
Eusko Jaurlaritzak bete-betean eraso die langile-klaseak urtetako borrokan lortu dituen eskubideei. Ez du negoziatu, ez mahai orokorra aintzat hartu, eta egundoko errespetu falta agertzen die euskal funtzio publikoko langileei.

Soldatetan, Jaurlaritzak men egiten dio Madrilen erabakitako soldata jaitsierari; funtsezko eskubideetan, berriz, murrizketak egiten ditu, esaterako lan-gaixotasunek eragindako bajei dagokienez; eten egiten ditu erretiro-saria, errelebo-kontratua eta adinagatiko ordukako baimenak.

Administrazioak bere egin ditu enpresariorik gogorrenen helburuak, eta aldi baterako ezintasunaren osagarria murriztu egin du; horrela administrazioko langileak jopuntuan jartzen ditu, baja gehiegi hartzen dutela esanez, honelako abusuen adibiderik aipatu ez badute ere.

ELAk ez du onartuko murrizketen ardura sindikatuari egozterik, hauek negoziatzeari uko egin duelako. Hasieratik euren helburua izan da murrizketen ardura guri ere leporatzea, bazekiten arren ez genituela inola ere onartuko, ez lehenago, ez etorkizunean ere.

Salatzeko da sailburuak esan duena, hots, negoziatzeko borondatea izan bagenu murrizketak txikiagoak izan zitezkeela. Onartu ezinekoa eta iraingarria da langileontzat, argi uzten baitu murriztea ez zela beharrezkoa. Gainera, horrek ez du krisitik irteten lagunduko.

Murrizketa hauekin langile publikoak zigortu nahi gaituzte, eta eredutzat jarri arlo pribaturako; helburu nagusia langile-klasea txirotzea da, arlo publikoari kalte egitea eta zerbitzu hauekin negozioa egitea.

ELAk inoiz baino behar handiagoa ikusten du mobilizatzen jarraitzeko, ostu dizkiguten eskubideak aldarrikatzeko eta politika hauei aurre egiteko.