"ELA bozkatzea da modurik onena lan-erreforma geldiarazteko"
Irailaren 1ean hasi da hauteskunde sindikaletako aldi trinkoa. 2015eko maiatzaren 31ra arteko hilabete saiatu horietan 24.853 ordezkari berrituko dira Hego Euskal Herrian, hau da, kopuru osoaren %50 baino zertxobait gehiago. Hauteskunde sindikaletako arduradun Txema Laisekak begiratu bat eman die hurrengo hilabeteei.
-Hauteskunde sindikaletako aldi trinkoa hasi berri da. Zer helburu du ELAk?
-Hauteskunde sindikal hauek hasi baino lehen Hego Euskal Herrian dugun ordezkaritza-maila %35,02koa da. Horrek ematen digu aditzera zenbateraino dagoen ezarrita gure sindikatua lurralde osoan eta sektore guztietan.
EAEn gure helburua orain dugun ordezkariza-mailari eustea da, eta ahal dela handitzea. Nik neuk asko preziatzen dut gure abiapuntuko ordezkaritza, %39,61ekoa. Hamar ordezkaritik lau ELAkoak dira, eta kontuan izan behar dugu gure lehiakide nagusiak lau sindikatu sendo direla.
Nafarroan, aldiz, gure helburua etengabe haztea da. Gure abiapuntuko ordezkaritza-maila %21,33koa da, eta ausartak izan behar gara. %22ko langa gainditu ahal dugu. Helmuga horri begira jarri behar gara: ordezkaritza handitzea, eta bigarren sindikatua izatera ahal dela hurbiltzea.
Bosteko sindikalismo batean —non, batetik, ordezkaritza handiko lau sindikatu dagoen (ELA, CCOO, LAB eta UGT) eta, bestetik, gutxiengoko sindikatuen taldea—, gure oraingo mailari eutsi ahal izatea ez litzateke makala izango.
-Hauteskunde sindikal hauek oso garai latzean egingo dira Euskal Herriko langileentzat...
-Hala da, krisi-garaian bizi gara, eta horretaz baliatu dira murrizketa basatiak egiteko, bai lan-eskubideetan, bai lan-baldintzetan. Eta ikuskizun duguna ez da itxura hobekoa, zeren politika neoliberalekin jarraituko dute, murrizketa gehiago, beraz.
Milaka lanpostu galdu dira, hauteskunde sindikaletako aurreko ziklotik hona; eta horrek eragin handia izango du hauteskundeetan beretan. Alde horretatik aipatu beharrekoa da enplegua suntsitzearen ondorioz orain dela lau urte baino 1.145 ordezkari gutxiago hautatuko direla (-315 Araban, -445 Bizkaian, -172 Gipuzkoan eta -213 Nafarroan).
Gauden egoera honetan lan-baldintzak, arau gisa, prekarizatu dira, bai sektore pribatuan, bai publikoan.
Oztopo guztien gainetik tinko jarraitu duen sindikatu bakarra geu gara. Ahal izan dugun toki guztietan lan-baldintzak blindatu ditugu. Eta hori egiterik izan ez dugun lekuetan enplegu duinaren alde egin dugu borroka gure indar guztiekin. Eta batez ere gauza bat geratu da oso argi: ez dugu lagundu enplegua suntsitzen, ezta lan-eskubideak ezabatzen ere.
Hain aurka dugun egoera honetan dena eman dugu. Are gehiago esan genezake, esparru eta sektore askotan ELA da benetako negoziazio kolektibo bat bultzatzen duen erakunde bakarra, langileen baldintzak hobetzen dituzten hitzarmenak sinatzen dituena; horretarako, bestelako formulak erabiliz, esate baterako, patronal berriak bilatuz.
Eta negoziazio kolektiboraino ere heldu da erreformen oldea. Horrek aldaketa nabarmen bat ekarri du joko-zelaira. Eta horrela, sektore-esparruko negoziazio kolektibo batetik enpresa-esparruko beste batera aldatu gara; orain esparru horretan bakarrik bermatu daitezke lortzen diren akordioak.
Sektoreak inoiz ez ditugu alde batera utzi, baina garaian garaiko errealitatea begibistatik galdu gabe; eta orain enpresa-hitzarmenek dute lehentasuna.
-Eta ELA, sindikatu den aldetik, zer moduz heldu da hauteskundeetara?
-Gauza jakina da zirikatze baten xedea garela; erakundeak, alderdi politikoak eta gainerako sindikatuak gure aurka ari dira. Gizarteari sinestarazi nahi diote geu garela lan-arloko gaitz guztien errudunak. Murrizketak erabaki dituzten politikariek, batzuetan sindikatu batzuen eskutik, orain gu akusatzen gaituzte, onartezina da. ELAn egia daramagu aurretik. Gogokoa izan edo ez izan, gu izan gara sindikatu bakarra zer gertatuko zen iragarri zuena, eta nolakoak izango ziren lanaren eta negoziazio kolektiboaren erreformen ondorioak. Ez dugu inor gezurretan nahastu.
Oso argiak izan gara, baita ere, erakundeek bultzatzen duten “elkarrizketa soziala”ri buruz gure iritzia ematean. Eta argiak eta gardenak izateagatik, hain zuzen, seinalatu izan gaituzte.
-Hauteskunde hauetan inoiz baino argiago dago zenbateko garrantzia duen ELAren emaitza ona izateak...
-Aspalditxotik langileriak hautatu behar izan du bi eredu sindikalen artetik: ELArena —sindikalismo lokabea, erreibindikaziokoa eta kontraboterekoa— eta segizioko sindikatuena —independentzia sindikalik eta ekonomikorik gabeak—, elkarrizketa sozialaren eta finantzaketa publikoaren morroiak izatera derrigortuak. Oraingo egoera ekonomiko honetan are sakonagoa da bi ereduen arteko amildegia.
Azken finean independentzia da gakoa, gainerako guztia menpean hartzen duena. Independentzia politikoa eta ekonomikoa baduzu, bestela nekez hartuko zenituzkeen erabakiak hartu ditzakezu. ELAk duen balorerik handienetarikoa independentzia ekonomikoa da, eta hori arazo handia da gainerakoentzat.
-Gatozen harira! Zergatik bozkatu behar da ELA?
-Bozkatzean, ordezkari bat hautatzeaz gain, erakunde bat ere hautatzen da, langileen defentsa kolektiboarekin benetan engaiaturik dagoen erakundea. Langileei lehen aipatu dugun independentzia eskaintzeko moduan dagoen erakunde bakarra gara, guk langileen eskubideak zaintzeko borondatea eta borroka-baliabideak ditugu —antolamendua, erresistentzia-kutxa, koadro sindikalak...—. Hau da, ELAk bere egitura osoa langileriaren zerbitzura jartzen du, eta euste-horma moduan jokatzen dugu eguneroko erasoen aurrean.
Eta ikuspegi horretatik aztertu behar ditugu iazko uztailean egin genituen antolamendu-aldaketak. ELAk beti egokitu du bere antolamendua langileriaren beharrizanetara. Gure barren-barreneko ezaugarria jendearen zerbitzura egotea da, baina horretarako, ondo antolaturik egon behar gara, eta jendea behar dugu, jende engaiatua. Prekarietateari, bidegabekeriei, mota guztietako diskriminazioei —genero, arraza, sexualitatea...— aurre egitea gure sindikatuko ordezkarien baloreetako bat da.
Ordezkariaren figura ezinbestekoa da, langileak antolatzeko gure tresna da. Beti izan da horrela, baina orain berebiziko garrantzia du.
-Zergatik?
-Ordezkari bat hautatzea zure bitartekaria hautatzea da enpresako defentsa kolektiborako. Helburua ahalik eta enpresa gehienetara heltzea da, langileriaren eskubideak antolatu eta defendatzeko. Hauteskunde sindikaletan lortzen dugun ordezkaritza-maila kezka bat da guretzat, noski; zenbat eta ordezkaritza handiagoa, hobe. Baina hori bezain garrantzitsua enpresa-kopurua da, zenbat enpresatara heldu garen; horrek emango baitigu giltza langileria antolatzeko.
Zenbat eta ordezkari gehiago, hobe. Zenbat eta antolatuago egon, hobe. Zenbat eta hobeto bete baldintza horiek, orduan eta hobeto geldiaraziko dugun lan-erreformaren hedapena.
-Ahalegindu behar gara, beraz, ahalik eta enpresa gehienetara heltzeko...
-Hala da, argi izan behar dugu enpresa txikiaren esparrua gero eta garrantzitsuagoa izango dela. Espainiako Gobernuaren lan-erreformaren eta negoziazio kolektiboaren erreformaren ondorioz beste aplikazio-lehentasun bat dago, eta baliteke sektore-hitzarmenik ez egotea; hori dela-eta, enpresan ordezkari bat izatea garrantzi handikoa da sindikatuarentzat, bitartekaritza-gune izango baita.
Ezinbestekoa da enpresa bakoitzean, den txikia delarik ere, gune sindikal bat egotea, ELArentzat eskuragarri. Erronka zaila eta ausarta da, baina hori da gure azken helburua, enpresa guztietara iristea: enpresa txiki bakoitzean ELA-ordezkari bat eta hitzarmen bat.
Etorkizunean, beste inork baino gehiago, enpresa txikiek beharko dituzte ordezkariak, eta antolamendu sindikal eraginkorra. Baina enpresa bakoitzean ordezkari sindikalak izateak emango dio eraginkortasuna borroka sindikalari.
Erreforma ez du ELAk egin, PPk egin du. Kontua da gu izan garela gai horri buruzko egia kontatu duen sindikatu bakarra, eta erreforma geldiarazteko modua zegoen tokietan geldiarazten saiatu garen bakarrak.
-Enpresa guztietara heltzeko premia aipatu duzu. ELAk ahalegin handiak egiten ditu ETE guztietara heltzearren...
-Aspertu arte errepikatuko dut zein nolako garrantzia duten enpresa txiki eta ertainek ELArentzat. Beste sindikatu batzuek, antolakuntza-faltagatik-edo, ez diete jaramon egiten enpresa txikiei; baina hori ez da onargarria ELArentzat. Sindikatua beharrezkoagoa da enpresa txikietan, eta ELA frogatzen ari da esparru horretan ere baduela zer esanik.
Ezin dugu ahaztu, ezta une batez ere, lanaren eta negoziazio kolektiboaren erreformek babes gabezian utzi dituztela ETEetako langileak. ELAtik antolatzeko deia egiten diegu, sindikatuaren laguntza osoa izango dute horretan.
-Zelan ikusten dituzu hurrengo hilabeteak?
-Aldi trinkoa irailetik maiatzera badoa ere, iraila eta abendua bitartekoa da trinkoena. Lau hilabete horietan berrituko dira ordezkari gehienak. Prozesua hasi baino ez da egin. Orain arte hauteskundeak izan dituzten enpresak ez dira asko izan; gehienak ETEak izan dira, hau da, 50 langiletik beherakoak.
Asteak aurrera joan ahala, berritzen den ordezkari-kopurua goraka joango da. Itxaron beharko dugu, ikuspegi sindikalari argazki zehatzagoa egin nahi badiogu behintzat. Oso goiz da, eta zuhurrak izan behar gara; baina ni sinetsita nago gure gehiengoa berretsiko dugula, eta gure orain arteko ordezkaritza-mailari eutsiko diogula.