EKOSOZIALISMOA

ELA Nazioarteko Topaketa Ekosozialistetan egon da mundu osoko sindikalista eta aktibistekin batera

2026/05/20
ELA Nazioarteko Topaketa Ekosozialistetan egon da mundu osoko sindikalista eta aktibistekin batera
Maiatzaren 15etik 17ra Bruselan Nazioarteko Topaketa Ekosozialistak ospatu dira. ELAk sindikalgintzari loturiko hainbat tailerretan parte hartu du, bai antolakuntzan eta baita gure esperientziak kontatzen ere.

Topaketa hauetan nazioarteko sindikatuetako hainbat kidek parte hartu dute, kontinente guztietako sindikalistak izan gara bertan. Baita mugimendu ekologistak, feministak, lurraren defentsan ari diren aktibistak, ikerlariak eta beste hainbat kide ere.

Topaketa hauetan trantsizio ekosoziala nolakoa izan behar den eta jarraitu beharreko bideak eta estrategiak eztabaidatu dira hainbat esparru ezberdinetatik: sindikalgintza, hezkuntza, lurraren defentsa, geopolitika, adimen artifiziala, extractibismoa, ekofaxismoa, eta beste hainbat lan ildo ere izan ditu topaketa honek. ELAko kideok, batez ere sindikalismoari loturiko esparruan egon gara baina baita geopolitika edo lurraren defentsaren inguruan aritu diren espazioetan ere parte hartu dugu.

Kronika hau batez ere sindikalismoaren inguruan aritu den espazioa laburbiltzeko baliatu dugu. Hona hemen sindikalgintzari loturiko mahainguru eta tailerretan izandako eztabaida nagusiak:

Berrikuntza sindikal ekosozialistarako estrategiak

Tailer honetan sindikalismotik eta ekologismotik bidezko trantsizio ekosozialtzat ulertzen dugunari buruz eztabaidatu zen; Kolonbia, Sri Lanka eta Euskal Herriko sindikatuen esperientziak eta trantsizio honen helburuak lortzeko bakoitzak nola lan egiten dugun. ELAn nola lantzen dugun trantsizio ekosoziala azaldu genuen, bai aldarrikapen politikoetatik eta baita negoziazio kolektiboan ere.

Industria ekologikoki birmoldatzeko borrokak

Lan gatazkak ingurumenarekin lotzen dituzten esperientzien berri eman zen, Nigerian, Kolonbian eta Italian. Kontrol publikoaren eta inbertsio publikoaren ideietan oinarritu zen eztabaida. Eztabaidari egin genion ekarpena arlo publikotik egin daitekeenaz gain langile klaseak egin dezakeena planteatzea izan zen, esaterako grebak.

Gatazka sindikalak bermilitarizazioa geldiarazteko

EBk armetarako diru publiko kopuru izugarriak bideratzeko dituen planei buruz hitz egin zen, eta hainbat mugimenduk hori salatzeko egin dituzten kanpainei buruz. Gainera, zenbait esperientziaren berri eman zen, non langileek ez duten nahi industria horrentzat lan egin.

Estraktibismoaren eta kolonialismo berdearen aurkako aliantzak

Kolonialismo berdearen terminoa landu zen. Esaterako, energia gosea duen sistema kapitalista batek energia garbiko proiektu ugari behar dituela aipatzen zen, zeinak baliabide kopuru izugarriak behar dituzten eta inpaktu larriak eragiten dituzten, baliabide horiek guztiak erauzten direnetik instalatzen diren lurraldeetara arte. Europako politikei ere garrantzia eman zitzaien, New Green Deal politika egokia ez dela erabaki baitute, eta orain, berriz, birmilitarizazioa nahi dute.

Zaintzak eta langileria migrantea

Zaintza sektoreko hainbat langileren esperientziak partekatu ziren, horietako asko migratzaileak eta paperik gabekoak. Esperientzia horietatik abiatuta, aurkitzen dituzten zailtasun nagusiak identifikatu ziren: egitura sindikaletatik kanpo geratzea, arrazakeria, matxismoa, klasismoa, etab. Euskal Herriko 2023ko greba feminista orokorraren esperientzia ere partekatu genuen.