ELA, etorkinak atxilotzearen aurka
2009/04/08
Bilboko Zorrotzaurreko pabilioietan sarturik zeuden 21 pertsonengandik 16 atxilotu zituzten indarka joan zen astean, gaizkileak balira bezala. Gehienek egoera erregularra dute, hemen bizi izateko baimena beraz.
Azken hilabeteetan etorkinen aurkako erasoak eta atxiloketak ugaldu dira Hego Euskal Herrian. Helburua, antza, paperik gabekoak identifikatzea, eta atxiloketa-kupoak betetzea da. Hala egiten ari dira beste leku batzuetan ere, dagoeneko salatu izan denez.
Herri-erakundeek herritarren ustezko babesaren izenean egindako ekintza horiek arrazakeria-agerraldiak direla salatzen dugu ELAtik. Etorkinak kriminalak bailiran tratatzen dituzte, administrazio-hutsegite bat egiteagatik, edo bestela esanda, bizitza duina nahi izateagatik. Ez dugu ahaztu behar etxebizitza egokia eskaintzea udalen ardura dela, eta paperik ez izatea Atzerritarren Legearen errua, arrazista eta xenofoboa baita.