Eusko Jaurlaritzak mespretxuz hartzen ditu prekarietatearen aurka ari diren erakundeak

2016/01/25
Eusko Jaurlaritzak mespretxuz hartzen ditu prekarietatearen aurka ari diren erakundeak
Azpikontrata publikoetako langileen baldintzak hobetzeko ELAk Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuen Herritar Legegintza Ekimenak (HLE) 110.000 lagunen babesa jaso zuen. Duela bi urte Legebiltzarrera eraman zuen ekimen honen bitartez, kolokan eta prekarietatean dauden milaka langileren etorkizunari lan-egonkortasuna eta duintasuna eman nahi zaizkio. Hasieratik oztopoak besterik ez dizkiote bidean jarri eta konfirmatzen ari dira susmorik okerrenak: ekimenak ez du aurrera egingo. Izan ere, EH Bilduren babesa baino ez du jaso eztabaida garaian. Sindikatuko idazkari nagusi Adolfo Muñozen hitzetan, "Eusko Jaurlaritzari eta patronalari traba egiten die ekimen honek".

Adolfo Muñoz idazkari nagusiarekin batera, Amaia Muñoa idazkari nagusiaren-albokoa, eta Joseba Villarreal, negoziaketa kolektiboko arduraduna, izan dira Herritar Legegintza Ekimenaren eztabaidaren balantzea egiteko ELAk egin duen agerraldian.

ELAko ordezkariek adierazi dutenez, Confebask patronalak eta administrazioek ez dute oztoporik nahi lan-baldintzak okertzeko daramaten bidean. !EAJk, PSE-EEk, PPk eta UPDk beren erabaki 'burujabea' patronalaren interesen zerbitzura eta aurrekontu murriztuen bidean jartzea erabaki dute. Bat datoz herri-lanetan enpresek langileei 12 orduko lan-egunak ezartzearekin eta orduko 5 euroren truk lan egitearekin".

Muñozek salatu duenez, Eusko Jaurlaritzak mespretxuz hartzen ditu krisiak gogorren jo dituenen defentsan dihardugun erakundeak."Eurentzat 'demokrazia' alderdietan hasi eta bukatzen da. Edozertaz hartzen dituzte erabakiak, beste inori parte hartzeko aukerarik eman gabe. Uste dute aski direla eurak guri zer komeni zaigun erabakitzeko. Hau betiko politikaren beste aldaera bat da".

Egoera honen aurrean, ELAk kanpaina bati ekin dio egoera hau salatzeko. Herritar Legegintza Ekimenaren nondik-norakoak jasotzen dituen aldizkari baten 210.000 ale banatuko ditu, eta datorren otsailaren 5ean mobilizazioa egingo du Gasteizen.

ELAren herri ekimenak, besteak beste, azpikontratatutako 55.000 langileentzako subrogazio eskubidea aintzat hartzea proposatzen du.