Donostiako Berra adinekoen egoitzako hogei langile kaleratu dituela salatu du ELAk
Gatazkaren sorburua 2012ko urrian hitzarmen sektoriala berritzeko abiatu zen negoziazioan dago. Negoziazioan argi geratu zen ADEGIk ez zeukala bat ere asmorik sektoreko langileen lan-baldintzak hobetzeko, ezta hitzarmena benetan aplikatuko zela eta erreforma laboralaren aurka blindatuko zela bermatzeko ere, nahiz eta Foru Aldundiak finantziazio hobea eskaini. Hots, ADEGIk, beste mahai sektorialetan bezalaxe, negoziazioa hankaz gora jartzen du eta akordioak iristeko aukera galarazten du. Patronal honek, diru publikoa tarteko, gure lan-baldintzak nahierara ezarri eta desegin nahi ditu.
Blokeo horretatik abiatuta, langileek egoitza bakoitzean borrokari ekin zioten. Lehia gogor eta luzea izan da, eta gaur sektoreko %97an garaile irten da. Uztail erditik hona borrokari hiru egoitzek besterik ez diote eutsi (BERRA, VILLA SACRAMENTO eta SAN IGNACIO); hain zuzen ADEGIko gunerik gotorrena osatzen duten enpresen esku dauden egoitzak.
Uztailetik hona SAR QUAVITAE enpresak eta ADEGIk BERRA egoitzako grebalarien aurkako “plan estrategikoa” aplikatu dute; ELAren irudiko plan hori terrorismo laboral hutsa da, plantilla izutzeko marraztua, horretarako fikziozko errealitate laboral bat saldu nahi zelarik, helburu bakarrarekin, grebalariak lanera amore emanda itzultzea.
Baina euretako hogeik greba egiteko legezko eskubideari eutsi zioten. Uztailaren 19tik aurrera era guztietako mehatxu eta bortxak pairatu dituzte, hitzez eta burofax bidez. Azkenean, irailaren 27an SAR QUAVITAEk BERRAko egoitzan grebari eusten zioten hogei langileak kaleratzea erabaki zuen.
ELAK SAR QUAVITAE-RI kaleratuta dauden langileak berehala berronar ditzan exijirzen dio. Sindikatu honek ez du onartuko gure egoitzetan berriro estatu feudal bat ezartzerik. ADEGIren eta SAR QUAVITAEren aurrean ez dugu amore emango; borroka areagotu egingo da, eta nork bere erantzukizunari amaieraino eutsi beharko dio.
ELAk Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen dio esku har dezala eta amaitutzat eman dezala SARekin sinatutako hitzarmena, betiere lanpostu guztiak eta enpresa honetako plantillaren eskubideak bermatzen direlarik. ELAk uste du ezin dela enpresa baten tirania onartu, are gutxiago gipuzkoar guztiok ordaindutako zergekin finantzatuta dagoen aldetik.
Urriaren 7an (astelehena) eguerdiko 12etan agerraldi handi bat deitu dugu Berra egoitzaren aurrean. Gainera, urriaren 11n (ostirala), goizeko 11.30etan ELAk elkarretaratze bat egingo du Kalkutako Teresa plazan (Atotxako auzitegi aurrean). Ostiral horretan, izan ere, ELAk bultzatu duen epaiketa izango baita, greba egiteko oinarrizko eskubidea urratu izana aztertzearren.