ELKARRIZKETA RADIO EUSKADI

Lakuntza: “CEBEKi galdetu behar zaio ea Tubos Reunidosen kudeaketa babesten duen”

2026/05/18
ELAko idazkari nagusiak borroka sindikalaren zilegitasuna defendatu du, euskararen eta zerbitzu publikoen aldeko urratsak eskatu ditu, eta ohartarazi du negoziazio kolektiboa blokeatuta dagoela sektore estrategikoetan.

ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak Radio Euskadin egindako elkarrizketan defendatu du Tubos Reunidoseko langileen jarduna, 96 eguneko greba mugagabearen ondoren, eta salatu du enpresak, patronalaren babesarekin eta zenbait komunikabideren laguntzaz, “langileak enpresaren egoeraren errudun bihurtzeko antolatutako kanpaina” abiatu duela.

Lakuntzak gogorarazi du Tubos Reunidosen krisiaren jatorria “zorraren kudeaketa negargarrian” dagoela, eta azpimarratu du enpresak eta akziodunek eurek “170 milioi euroko zorra sortu” dutela, akziodunen artean banatutako diruaren bidez. Horren harira, berriro nabarmendu du “enpresaren egoeraren erantzuleak zuzendaritza eta akziodunak direla, ez greban dauden langileak, zabaldu nahi den bezala”.

ELAko idazkari nagusiak CEBEKen adierazpenei ere erantzun die, sindikatuen ustezko erradikalismoari buruz egindako kritikak direla eta. “Greba beti da azken aukera. Oso larriak iruditzen zaizkit CEBEKen adierazpenak, Tubos Reunidosen ardura zuzena estaltzeko saiakera baitago atzean”, adierazi du, eta patronalari erronka bota dio enpresako zuzendaritzaren kudeaketa publikoki defendatzeko.

Konkurtso egoerak ireki duen agertoki berriaren aurrean, Lakuntzak azaldu du Enpresa Batzordeak borrokari eustea eta aldarrikapenekin jarraitzea erabaki duela. Konkurtsoaren inguruko epaiketa-egunarekin batera, langileek beste bi greba egun egingo dituzte. “Enpresa honen plan estrategikoa zein den jakitea exijitzen jarraituko dugu, eta zuzendaritzak ukatu digun informazioa txosten konkurtsoan agertzen den ikusiko dugu”.

Ordezkaritza sindikalaren zilegitasunari eta plantillaren barruko ustezko zatiketari buruzko kritikak direla eta, Lakuntzak defendatu du “langileek eurek aukeratzen dituztela beren ordezkariak, eta horiek zilegitasun juridikoa dutela”. Era berean, salatu du UGTk eta CCOOk bozkatu nahi zutena “lankideen kaleratzea” zela.

Hezkuntzari dagokionez, Nafarroan, azkenean, ez da itunpeko gelen itxierarik izango, UPNk bultzatutako legea onartu ostean. Lakuntzak defendatu du jaiotza-tasaren beherakadak eragindako egiturazko egoerari aurre egin behar zaiola. “Egoera hori baliatu behar da hezkuntzaren kalitatea hobetzeko, ratioak jaitsiz eta kaltetutako langileentzako birkokatze sistema baten alde eginez”. Lakuntzaren esanetan, gobernuak eta haren bazkideek ez dute behar besteko apusturik egiten hezkuntza publikoaren, osasun publikoaren eta, oro har, zerbitzu publikoen alde.

Euskaraz bizi eta lan egiteko eskubideari eta enplegu publikoaren legean izan daitezkeen aldaketei buruz, Lakuntzak PSE-EEri egotzi dio hizkuntza normalizazioaren aurrerapausoak blokeatzea. Halaber, kritikatu du CCOOk euskararekin lotutako lan eskaintza publikoen aurka abiatu duen estrategia judiziala. “Ezin da onartu Anduezak eta bere alderdiak euskararen normalizazioan edozein aurrerapauso betatzea”. Lakuntzak gogorarazi du ELAk administrazioa 15 urteko epean euskalduntzeko proposamena duela, eta “ausardia” eskatu du bi hizkuntza ofizialek aitortza bera izan dezaten.

Udaletako langileen egoerari buruz, Lakuntzak salatu du Udalhitz hitzarmena 16 urte daramatzala berritu gabe, eta, bitartean, erosahalmenaren galera urtez urte handitzen ari dela. Eusko Jaurlaritzari egotzi dio Madrildik ezarritako gidalerroak aplikatzea, eta hitzarmen berri bat eskatu du, pribatizazioak etetea, azpikontratetako langileentzat gutxienez 1.500 euroko soldatak bermatzea eta plantillak egonkortzea.

Azkenik, Lakuntzak nabarmendu du negoziazio kolektiboa blokeatuta dagoela oraindik ere sektore estrategikoetako hitzarmenetan, hala nola Bizkaiko metalgintzan edo Gipuzkoako egoitzetan. Azken horri buruz, sektorean dagoen prekaritatea salatu du: “Langileen ia erdiak ez ditu lanaldi erdia gainditzen duten kontratuak. Horrelako aldarrikapenek eramaten gaituzte grebara”.

Entzun elkarrizketa osorik