Negoziazio-esparru berezko baten eta murrizketak berreskuratzearen hautua egitea eskatu dio Jaurlaritzari ELAk
Joan den asteburuan Bizkaiko Foru Aldundiak 2012. urtean murrizturiko aparteko ordainsaria abonatu die bere 6.000 inguru langileei. Ordainketa hori sindikatuen eta BFAaren artean urrian 2014-2015 urteetarako lorturiko akordioaren ondorioa da. Akordio horren barruan sartzen dira, halaber, soldata-igoera bat, %0'6koa, dagoeneko gauzatu dena, 35 orduko lanaldia, EPEak egitea, zerbitzu publikoei eustea eta abar.
ELArentzat, akordio hori eta asteburuan BFAko langileei egindako ordainketa froga argiak dira: murrizketei eta oinarrizko legeei aurre egin dakieke borondate politikoa baldin badago. Era berean, agerian geratu dira beste erakunde batzuk, besteak beste, Eusko Jaurlaritza, apustu egiten jarraitzen baitu murrizketa-politiken, enplegua suntsitzearen eta Madrilgo gobernuari jarraipen itsua egitearen alde.
Horregatik, ELAtik tinko eskatzen diogu berriz ere Eusko Jaurlaritzari murrizketa-politikak eta enplegua suntsitzeko politikak zeharo aldatzeko, eta berehala 35 orduko lanaldia ezartzeko, ordezpenak lehen egunetik egiteko, lanposturik ez amortizatzeko eta oraingo plantillak egonkortzeko moduko EPEak eskaintzeko; ez iragarritakoak bezalakoak, izan ere, horiek ke-lainoak besterik ez dira, enplegua sortu beharrean enplegua suntsitzen baitute. Eskatzen dugu, baita ere, 2012. urtean murrizturiko aparteko ordainsaria berehala eta osorik itzultzeko.
Hego Euskal Herriko langile askok berreskuratu dute, dagoeneko, 2012ko aparteko ordainsaria; hori dela-eta, ELAtik mezu argi bat igorri nahi diegu oraindik pauso hori eman ez duten erakundeetako arduradunei aurrera egin dezaten; azken batean borondate politikoaren kontua da: negoziazio-esparru berezko baten eta murrizketak berreskuratzearen hautua egitea edo, bestela, murrizketa-politika, enplegu-suntsipen eta Madrili jarraipen itsua egitearen hautua egitea.