Maximalistak? ELA ez da halakoa

2013/03/01
Maximalistak? ELA ez da halakoa
Eztabaida edukiei buruz izan dadin ahalegin bat egin behar dugu. Hain zuzen hori egin zuen ELAk otsailaren 26an Urkullu Lehendakariarekin izandako bileran. Gure sindikatutik errealitatea nola ikusten den azaldu zitzaion Lehendakariari.

Saiatu ginen arrazoitzen zergatik ez dugun egungo status quo-a onartzen, zeinari politikak men egiten baitio, nabarmentzeko ez dela egia politika alternatiboak ezinezkoak direnik. Bilera giro atseginean egin zen, eta positibotzat jo dugu. Beti da gauza ona EAEko arduradun instituzional gorenari gure iritzia lehen eskutik, bitartekaririk gabe, ematea.

ELAk Lehendakariari esan zion zor publikoa ordaintzeko ezarri den lehentasuna baliatu egiten dela politika (eta esparru sozial guztia) hezteko; bankuei izugarrizko itzuli beharrik gabeko dirutza publikoak ematen zaizkiola, honek zorra haztea ekartzen duela eta hori ordaintzeko gero murrizketa gehiago ezartzen digutela; EBZk hau hala izan dadin jokatzen duela; Estatuan antolatu den sistema perbertsoa onartzen dela (neozentralismo hutsa, alegia) Administrazio guztiek, edozein dela ere beren kolorea, politika neoliberala ezar dezaten; bere gobernuak 2013rako aurkeztuko dituen aurrekontuak, iaz baino 1.250 milioi gutxiago, PPk nahi duen defizit publikoaren muga onartzearen ondorio direla, eta noski, zerga-politikan taxuzko erreforma bat egin nahi ez izatearen fruitu, horrela errenta altuei eta kapitalei ematen zaien mesedezko tratua eta iruzurra ez baitira amaitzen. Erreforma fiskalak 4.400 milioi euro gehiago biltzea ahalbidetuko luke, bertoko presio fiskala batez besteko europarrera eramanez gero...

Gainera, esan genion beste erreforma latzak prestatzen ari direla (pentsioena) eta CEOE patronala (kideen artean Confebask duenak) beste erreforma laboral bat exijitzen ari dela, azkena “motz geratu delako”.

Langabeziaz hitz egin genuen: egiten diren politikekin hazten jarraituko du; soldatekin batera enpleguaren alde egiten dela; azken erreforma laboralek (ultraaktibitatea, sektore-hitzarmenek enpresetan gutxienekorik ez bermatzea...) dituzten eragin larriez; erreformak egin direla soldatak jaitsi arazteko eta langile-klasearen defentsa kolektiboa ahultzeko; legeek bultzatzen duten ordezkatze efektuaz (batetik, kaleratze erraz eta merkea baldintza duinetan daudenentzat; bestetik, enplegu erabat prekarioa ematen duten enpresentzako hobariak eta lagutnzak); soldatak jaitsiz gero dena gainbehera doala, baita errekaudazio fiskala ere... Aipatu genuen patronalak eta gobernuek bat egiten dutela soldatei egiten zaien erasoan, enplegu publikoan zein pribatuan. Esan genuen egiten diren politikak ekonomia erreala hondatzen ari direla eta, bide batez, enplegua.

Patronalari buruz esan genion eskatzen duen guztia ematen diotela; gobernuek hain tratu ona ematen dioten artean ez duela sindikatuekin ezer negoziatu beharrik. Euskal patronalak esana ez dela egia (“legearen aurkako” edukiak eskatzen dizkiogula)... Horrelako patronal batekin, esan genion Lehendakariari, non egon liteke adostasun puntua?

Azaldu genion aipatutako erreformek mugimendu sindikalari zer nolako erronka jotzen dioten, antolakuntzari dagokionez. Hau esan genion ELAk euskal langile-klasearentzat erabilgarri izaten jarraitu nahi duelako.

Lehendakariari ohartarazi genion kapitalak lortzen duen babes politikoarekin oreka guztiak hausten direla; sindikalismoari eragozpen gehiago jartzen zaiola, eta botere politikoak honen jakitun izan behar duela; gutxienez errespetatu egin beharko lituzke herritar ahulenen interesak defenditzen ditugun erakundeok. Hots, ELAren moduan gizartea mobilizatu beharrean gauden erakundeok errespetatu, interes horiek inola ere aurrera ateratzeko aukera izan dezaten.

Hori guztia esanda, ondorioa argia da: egiten duten politikak ez du ELArekin akordiora iristeko betarik ematen. Kontua ez da ez dugula nahi. Akordiora iristeko modurik ez dago politika horrekin ezinezkoa delako. “Elkarrizketa soziala” aipatzen dutenean -izen horrek, ederra izanagatik, edukiarekin zerikusirik ez dauka- mugimendu sindikalari gauza bat eskatzen diote: politika horiek gauzatzeko gobernuei eta patronalari laguntza ematea. ELAk ez zuen Lopezekin egin, eta ez du Urkullurekin egingo. Jaurlaritzari eskatzen diogu esparru sindikal eta sozialean joko-arau demokratikoak errespeta ditzala; hala izatekotan, ELA prest dago hainbat gairi (etengabeko prestakuntza...) ekiteko prest dago, aldebiko harremanean.

Berriro diot, bilera atsegina izan zen, baina goian aipatutakoa ikusirik, ELAk posizio maximalistak hartu dituela esatea, noiz eta politika neoliberalak hegemoniko direnean, eta politikak aberastasunaren banaketa zuzenagoa eta gizarte-eredua bigarren mailako kontutzat hartzen dituenean, neurrigabea da, eta tokiz kanpo dago. Politikak egun bat ere zehaztasunik ez duten diskurtsoak egiten ditu, eta ondo neurtzen du anbiguo izateko, asmo batekin, murrizketa latzak egiten ari direla ezkutzatzea. Akordioa? Bai, baina zein edukirekin? Egunetik egunera murrizketa gehiago, langabezia handiagoa, pobrezia eta desberdintasun areagotua onartuta? ELA ez dago horretarako prest. Maximalismoa, ziurrenik, ez dago ELAren aldean; beste nonbait bilatu behar da.

Adolfo Muñoz “Txiki”, ELAko Idazkari Nagusia