ELA : zorionak Greziako herriari

2015/07/06
ELAk oso ongi iritzi die Greziako erreferendum deialdiari eta demokratikoki adierazi den ezezkoari. Greziako herriari politika lazgarri batekin jarraitu nahi ote duen galdetu zaio, eta ezetz erantzun du.

Estatuko komunikabide baten editorialak pasa den igandean erreferendumaren arriskuak aipatzen zituen: “soilik hauteskunde libreak dira demokraziaren ezaugarririk behinena”. Posizio honek agerian uzten du zer gertatzen ari den: alderdiak hauteskundeetan parte hartzen dute betetzekoa ez den programa batekin, eta agintera iritsitakoan botere ekonomikoek esana egiten dute. Demokrazia gobernua hautatutakoan bukatzen da, eta gobernu hori agortuz gero, beste bat osatuko da gauza bera egiteko. Hau da gaur egun Europa, politikan alternatibak ezabatzeko proiektu bat.

ELAk oso ongi iritzi die Greziako erreferendum deialdiari eta demokratikoki adierazi den ezezkoari. Greziako herriari politika lazgarri batekin jarraitu nahi ote duen galdetu zaio, eta ezetz erantzun du.

Erreferendum hau proba bat izan da EBrentzat eta Troikaren tesiei men egin dion klase politikoarentzat. Troikaren ustez erreferendumik ez zen egin behar; bere ustez, erabakiok estatu bakoitzean hartzekodunen interesekin esaneko den elite batek hartu behar ditu.

ELAk nabarmendu egin nahi du PSOEren hipokrisia; erreferenduma legezkoa zenik zalantzan jartzen ez zuen arren, greziar gobernuari galdegiten zion erabakiak bere gain har zitzala, “arduraz” joka zezan. Halako “ardura” aplikatuz PSOEk (Ppren babesarekin) Konstituzioa erreformatu zuen, hartzekodunei ziurtatzeko kobratzen lehenak izango zirela. Erreferendumarekiko posizio kritikoa ez zuten bakarrik indar politiko espainiarrek adierazi; EAJko ordezkariek ere, Grezian jende askok pairatzen duen egoera larriari muzin eginez, erreferenduma ez egiteko eskatzen zuten.

Beldurraren eta xantaiaren aitzindariek galdu egin dute. ELAk zorionak helarazi nahi dizkio greziar herriari, eta espero du emaitza honek austeritate politikak baztertzea ekarriko duela. ELAk nahiko luke, gainera, emaitza honek bultzada eta adorea ematea Europan eraikuntza neoliberal honekiko kritiko diren indar politikoei. Nahi badugu kohesio soziala, justizia eta solidaritatea lehentasuna izatea, Europak ezin du espekulatzaileen paradisu izan.