45.000 behin-behineko langile daude Euskadiko administrazio publikoetan
Tasa horren atzean erabaki politiko bat dago, gure erakundeek, Eusko Jaurlaritza buru, hartu dutena. Izan ere, apustu estrategikoa egin dute enplegu publikoko prekarietatearen alde, sektore publikoaren egitura-beharrizanak aldi baterako enpleguaz bete nahi izan dute. 2010az geroztik erabili ohi duten aitzakia Estatuaren oinarrizko legeria izan da, baina joera hori lehenagotik dator, eta erabaki politiko baten ondoriozkoa da, horrela bakarrik egon daiteke %35eko behin-behinekotasunaren tasa bat, dagoena bezalakoa. Ikusi besterik ez dago zenbat aldiz urratu duen Eusko Jaurlaritzak Mahai Orokorraren 2010eko Akordioa, enpleguaren arloan ere bai.
Aldi baterako enpleguaz baliatu dira enplegu publikoa suntsitzeko, eta pribatizatzeko. Azken urteotan 21.400etik gora lanpostu publiko suntsitu dira EAEan (Eustaten datuak).
Gainera, sektore publikoan aldi baterako kontratatzioa egitea oso tresna eraginkorra izan da diziplina ezartzeari begira. Horretaz baliatu izan dira modu neurrigabean erabat egiturazkoak diren lanpostuak betetzeko, eta orain arte abusu horrek ez die batere ondoriorik ekarri administrazioei.
Orain arte esan dugu, ondo esanda ere, zeren arestiko epai europarrek mugak jarri dituzte administrazio publikoetako behin-behineko kontratazioaren esparruan, Batasuneko arauteria urratu delako ustean. Alde batetik, Europako Auzitegiak adierazi duenez, beharrizan iraunkorrak betetzeko, behin-behineko kontratazioaz baliatzea zigortu behar da, eta eraginpeko langilea babestu; eta beste alde batetik, ezarri du diskriminaziozkoa dela kalte-ordain desberdinak ematea behin-behineko langileei eta langile finkoei kontratuaren amaieran, maila berekoak badira.
ELAren iritziz epai horiek akuilagarri izan behar dira EAEko administrazioetako sektoreen oraingo kontratazio-eredua errotik aldatzeko. Aldaketa horren ondorioz 35.000tik gora lanpostu sortu edo finkatu behar dira, esparru publikoko kalitatezko enplegu egonkorra izan behar direnak; aldaketa horrek eragingo duen beste ondorio bat euskal zerbitzu publikoen kalitatea hobetzea da.
Horregatik, Europako epai horiek ezagutu bezain laster ELAk eskatu zion Eusko Jaurlaritzari bilera-deia egiteko lehenbailehen Funtzio Publikoko Euskal Kontseiluan eta Negoziazioaren Mahai Orokorrean. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak ez du asmorik erakutsi ELArekin, ezta beste sindikatuekin ere, bilera egiteko. Horren aurrean, galdetzen diogu geure buruari: Ondo deritzo EAEko erakundeetako behin-behineko enpleguaren mailari? Eusko Jaurlaritzak ez die men egingo Europako epaiei?
Eusko Jaurlaritza da erantzule nagusia euskal sektore publikoan azken urteotan aplikatu diren behin-behineko kontratazioaren politika neurrigabe eta irregularrengatik; baina orain Europako auzitegiek aukera paregabea eskaini diote politika horiek aldatzeko. Hori dela-eta, ELAtik borondate politikoa eskatzen diogu kontratazio-eredu berri bat sortzeko, egonkortasunean eta duintasunean oinarritu behar dena. Horregatik eskatzen eta eskaintzen diogu elkarrizketaren bidea. Hori horrela ez balitz, egoerari buelta emateko bide guztiak aztertuko ditugu, auzibideak ere barne.
Horregatik guztiagatik berriro eskatzen dugu Funtzio Publikoko Euskal Kontseiluan eta Mahai Orokorrean bilera-deia egiteko. Eskaera horri eusteko elkarretaratze bat egingo dugu Lakuan urriaren 28an. Eusko Jaurlaritzak arduraz jokatu behar du, eta sindikatuekin negoziazioak hasi, euskal sektore publikoari enplegu egonkorra ematearren.