ELAk lanuztea deitu du apirilaren 12an Administrazio autonomoan, behin-behineko 4.500 langileren kontsolidazioa eskatzeko

2022/04/05
ELAk lanuztea deitu du apirilaren 12an Administrazio autonomoan, behin-behineko 4.500 langileren kontsolidazioa eskatzeko
Administrazio Autonomoan eta haren erakunde autonomoetan, Osalanen, Lanbiden eta Ibaiondon, enpleguaren egoera ikusita, -aldi baterakotasuna eremu horretan % 57tik gorakoa da eta behin-behineko langileen %80k hiru urte baino gehiagoko antzinatasuna dute- ELAk lanuztea deitu du apirilaren 12an administrazio autonomoan, behin-behineko kontratua duten 4.500 langilerentzako kontsolidazio prozesua lortzeko. Lanuztea 10: 00etatik 14:00etara egingo da.

Arlo horretan, langile gehien dauden kategorietan, EPEren azken deialdia duela 20 urte baino gehiago egin zen. Horri gehitu behar zaio langileen batez besteko adina 55 urtetik gorakoa dela. “Horrek agerian uzten du Eusko Jaurlaritzak apustu argia egin duela enplegu publikoaren prekarizazioaren alde eremu horretan. Honen atzean esparru hori pribatizatzeko eta negozio esparru bihurtzeko apustu politikoa dago”.

Errealitate hori aldatzeko, ELA aspalditik ari da lanean behin-behineko langileen enplegua kontsolidatzeko eta pribatizazioari ateak ixteko, bide sindikala zein juridikoa landuz. Hor kokatu behar da egindako mobilizazio kopurua eta iazko apirilaren 22an sektore publikoan deitutako greba. Mobilizazio horien ondorioz, eta Iceta legeak ahalbidetzen dituen aukerak aztertuta, sindikatuak enplegua kontsolidatzeko proposamenak helarazi dizkio Eusko Jaurlaritzari, arloka, honako lau ardatz hauekin:

  • Langileak kontsolidatzeko salbuespenezko prozesu bakarra adostea. Horretarako, 4.500 plazako kontsolidazio prozesua eskaintzea.

  • Prozesu hori bermatzailea izatea. Horretarako ahalik eta plaza gehien meritu lehiaketara ateratzea. Eta bestalde, baztertzaileak ez diren eta administrazio horretan dagoen lan esperientzia erabakigarria den prozesuak izatea.

  • Aurretik, zerbitzu eginkizunetan lanpostuz aldatu diren langileak egonkortu behar dira. Horrela, betetzen ez dituzten lanpostuak prozesuan eskaintzeko.

  • Kide eta eskala legea ezartzea, kontsolidazio prozesuen ondoren egitea.

Proposamen horren aurrean, Gobernuak honako hau egin du:

  • Orain arte izandako prozesuan Gobernuak informazioa ezkutatu eta gardentasun falta erakutsi du. Hori salatzeko 1.000 langile baino gehiagoren sinadura bilketa egin da.

  • Bi lan deialdi aurreikusten ditu Gobernuak; baino plazei dagokionez, gutxienez 900 falta dira, hau da, gobernuak eskaini dituen 3.600 plaza baino %25 gehiago.

  • Jarraitu beharreko prozesuaren inguruan, urte luzez behin-behineko langileen lanpostua arriskuan jartzen du, ez baitu prozesu bermatzaileak aurrera eramateko inolako borondaterik. Adibidez, prozesuan azterketa baztertzaileak ezarriz, galdera okerrak penalizatuz, eta bertako esperientzia determinantetzat ez joz.

  • Kidego eta eskala legearen berehalako aplikazioak arriskuan jartzen ditu hainbat eta hainbat langileen lanpostua, eskatuko zaien titulazioa aldatuko duelako edo beraien lanpostuak kidego orokorretara bideratzen dituelako.