Politika industrialaren aldaketa: aukera baino gehiago, beharrizana

2015/01/08
Politika industrialaren aldaketa: aukera baino gehiago, beharrizana
Joseba Villarreal, negoziazio kolektiboko arduradunak egoera industrialaren inguruko iritzi artikulua egin berri du. Bere esanetan Eusko Jaurlaritzaren Politika Industrialak ez die aurre egiten enpresetako benetazko arazoei; ez eta arreta jarri, bultzatu, konpondu eta lankidetu herri honetako enpresa sarearekin. Berandu baino lehen heldu beharreko funtsezko zenbait gairi aurre egin behar zaio.

Garai gogorrak bizi ditugu. Egunoro enpresak ixten dira, langileak kaleratu egiten dira, langabezia gora doa, alde guztietatik langileok soldata eta lan baldintzak murriztuak dituzte, deslokalizazioaren mehatxu eta txantaiak... Hori da bizitzen ari garena, batzuk behintzat.

Artikulu honen goiburuak dioen moduan, ezinbestekoa da politika industriala berria, bereziki herri honetan zerbait aldatzea nahi badugu. Egungo politikarekin gauzak ez doazela ondo badakigu. Haatik, ezinbestekoa da horren aldaketa behartzea. Gure iritziz, Eusko Jaurlaritzaren Politika Industrialak ez die aurre egiten enpresetako benetazko arazoei; ez eta arreta jarri, bultzatu, konpondu eta lankidetu herri honetako enpresa sarearekin. Berandu baino lehen heldu beharreko funtsezko zenbait gairi aurre egin behar zaio.

Gobernu baten politika industrialaren balorazioa egiterakoan, Eusko Jaurlaritzarena kasu honetan, beharrezkoa da aztertzea ekoizpen ekonomiaren martxan eragiten duten aldagai ezberdinen aurrean zer nolako erantzuna, dedikazioa eta neurriak ezartzen diren. Egun, herri honetako enpresek soldata kostuena baino arazo gehiago eta konplexuagoak dituzte. Horietako batzuk bakarrik nabarmentze aldera: finantziazio aukera Europako garestienetakoa da; energia kostoak izugarri igo dira; soldata oso baxuak dituzten herrialdeekin lehiakortzea, mugatu edo eragotzi egiten du, askotan, konpetitibitatea; enpresa askok arazoak ditu nazioartekotzarako; baliabide gabezia dago berrikuntza teknologikoa bultzatu eta garatzeko; garraio kostoak, sarritan, enpresentzat zama handia dira; kezkagarria da enpresa askori buruz informazio eza; ingurugiroari buruzko araudietara egokitzeko arazoak, enpresa askotako demokrazia eza... Arazo guzti hauek konpondu beharrean, edo bere ondorioak xamurtzea gutxienik, gobernuak bere ekimen politikoaren ardatzetako bat soldata kostoak eta konfliktibitateari erasotzea bilakatu du. Gainontzeko neurrientzako ezereza dago edota propaganda.

Gure iritziz, , Eusko Jaurlaritzaren politika industriala enpresa handiak eta transnazioalen zerbitzura dago, eta inolaz ez Erkidego Autonomoko industria sarea osatzen duten %95 baino gehiagoko enpresa txiki eta ertainen zerbitzura. Sinetsarazi nahi bada ere herri honetako ETEak Eusko Jaurlaritzaren politika industrialaren lehentasuna direla, hori ez da egia; hori inork baino hobeto dakite ETEak beraiek, langileek eta enpresek ere.

Sarri askotan, administrazioaren egitura eta bakoitzak dituen eskumen ezberdinak -Madrilgo Gobernua, Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak edo udalak- jakingabeko irteera duen laberintoa bilakatzen dira arazoak konpontzeko eskaerak bideratzerakoan. ELAren ustetan, instituzio ezberdinen arteko koordinazio handiagoak lagunduko luke arazoa hein handi batetan konpontzen, eta bide batez, zerbitzuen eta languntzen bikoiztasuna ekiditen (lehiatil bakarraren planteamentuak erabakiorra izan daiteke).

Guzti hori posible izateko egia da instituzio bakoitzak alde batera utzi behar dituela alderdi edo lurraldeko bere interes propioak eta orotariko interesa aurretik jarri herriaren ekonomia bultzatzeko.

Gainera, ezin dugu ahaztu enplegu duina ez duen langilerik gabe ez dagoela ongi funtzionatuko duen ekonomiarik. Eta alde horretatik gobernu honek ez du praktika onetako eredurik erakusten bere erantzukizuneko eremuan patronalaren moduan aritzen denean: soldatak murriztu, lanaldia handitu, enplegua suntsitu, eta abar...Edozein ekonomia lojikaren aurkakoa da ekonomia suspertu daitekeela pentsatzea geroz eta langile gehiago pobreziaren mailaren azpitik daudenean, gizarte murrizketekin, bizitza baldintza okerragoekin...

Garaia da politika publikoen erdigunean pertsonak kokatzeko. Herri honek beharra du Gobernuak, bere politikekin, elite indartsu eta boteretsu batetik eta jendea artean bestetik harremanak orekatu ditzan; hain zuzen, Euskal Herriko gehiengoa den jende xeheak bestelako politikak behar ditu. Bestelako politika industriala baten aldarrikapenaz.