A-11ko GREBA OROKORRA

Lakuntza: “Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Aldundiek eta udalek espekulazioa eragotzi eta etxebizitza eskubidea bermatu behar dute”

2026/10/27
Lakuntza: “Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Aldundiek eta udalek espekulazioa eragotzi eta etxebizitza eskubidea bermatu behar dute”
ELAk greba deitu du euskal erakundeei galdatzeko dituzten eskuduntzak balia ditzatela enpresei etxebizitzak eskuratzea galarazteko; funts putreen ondasunak desjabetzeko; alokairuko parke publikoa handitzeko, eta bankuen abusu monopolistikoa amaiaraziko duen banku publikoa sortzeko.

ELAk txosten bat aurkeztu du Hego Euskal Herriko etxebizitzaren krisiari buruz. Txostenean aztertzen du egungo higiezinen ereduak pobrezia eta desberdintasuna sortzen duela, salatzen du politika publikoak ez direla nahikoak, eta neurriak proposatzen ditu espekulazioa eragotzi eta etxebizitza izateko eskubidea bermatzeko.

Etxebizitza, desberdintasun sozialaren iturri

Alokairuak urtero ehunka milioi euro transferitzen ditu errenta apaletatik aberatsen eskuetara. Txostenaren arabera, EAEn eta Nafarroan urtean 1.338 milioi euro ordaintzen dira alokairuetan; diru sarrera txikienak dituzten biztanleen % 40k fakturaren % 62 hartzen dute beren gain; aitzitik, % 20 aberatsenak errentamenduen diru sarreren % 55 jasotzen du. Datuok erakusten dute alokairua aberastasuna transferitzeko bitarteko bihurtu dela: gutxien dutenek jabetza gehien dutenen poltsikoak betetzen dituzte.

Beste negozio biribil bat hipotekak dira. Leire Gallego sindikatuko ekintza sozialeko arduradunak salatu du bankuek etxebizitzarekin zer nolako negozioa egiten duten: “Hego Euskal Herrian ohiko hipoteka bat duenak bankuei, batez beste, 67.000 euro ordaintzen die interesetan”. Halaber, gero eta enpresa eta funts gehiago ari dira gure auzoetan etxebizitzak eskuratzen: “azken sei urtean etxebizitza turistikoen kopurua % 22 handitu da, eta gero eta alokairuko etxe gehiago jabe handien esku daude. Nafarroan, alokairuko parkearen % 30 haien esku dago”.

Aitor Murgia Azterketa Bulegoko arduradunak ohartarazi du etxebizitza dela biztanleria pobretzen duen faktore nagusietako bat. Haren esanetan, EAEko eta Nafarroako pobrezia-tasa % 17,1tik % 25,7ra igotzen da etxebizitza ordainduz gero; areago, portzentajea alokairuaren kasuan % 41etik %68ra pasatzen da. Hain zuzen ere, etxebizitzaren prezioak soldatak baino bi aldiz gehiago hazi dira. 2015etik hona, erosteko prezioa % 66 handitu da EAEn eta % 63 Nafarroan; aldiz, soldatak % 35 eta % 32 handitu dira, hurrenez hurren.

Etxebizitza babestuen gabeziak, batik bat alokairukoak, arazoa larriagotzen du. Gainera, EAEn baliabide publikoekin eraikitako etxebizitzen erdiak kalifikazioa galdu dute edo galtzear daude. Nafarroan etxebizitza babestu gehienak pribatu bihurtuko dira datozen urteetan. Haatik, 112.095 lagun dago EAEn etxebizitza bat lortzeko zain, eta Nafarroan 24.721.

Gobernuek, Aldundiek eta udalek dagokien erantzukizuna aintzat hartu behar dute

ELAren ustez, egoera hau ez da saihestezina; aitzitik, urte askotan Gasteizko eta Iruñeko gobernuen, Aldundien eta udalen etxebizitza politikaren fruitu izan da. Lakuntzak ohartarazi du etxebizitza politikek huts egin dutela: lehenetsi den ereduak, jabetza oinarri hartuta, eraikuntza enpresei eta bankuei egin die mesede; alokairu publikorako eraikinak ez dira behar bezala finantzatu, eta espekulazioari ez zaio galgarik jarri. “Alokairu babestua EAEn % 2,6 eta Nafarroan % 2 baino ez da, eta Europan % 6,5. Maila horretara iristeko, Hego Euskal Herriak 58.000 bizileku gehiago behar ditu”, esan du Lakuntzak.

ELAko idazkari nagusiak salatu du Pradalesen eta Chiviteren gobernuek, batez ere, eta, neurri txikiagoan, aldundiek eta udalek eskumen zabalak dituztela espekulazioari aurre egiteko eta etxebizitzarako eskubidea bermatzeko. Testuinguru horretan, azaroaren 11ko greba orokorraren garrantzia nabarmendu du, etxebizitza politikak errotik aldatzea eskatzeko.

Egungo ereduaren aurrean Leire Gallegok hainbat neurri azaldu ditu espekulazioa amaiarazteko eta bizilekua izateko eskubidea ziurtatzeko. Hauek dira proposamenak:

  • Bizitzeko alternatibarik gabeko etxegabetzeak debekatu.

  • Higiezinekin egiten den espekulazioa galarazi: Inbertsio-funtsei eta espekulazio-sozietateei ez zaie utzi behar etxebizitzarik eta eraikitzeko lursailik erosten; xede soziala betetzen ez duten funtsen etxebizitzak desjabetu behar dira.

  • Banku publikoa sortu, betiko bankuen negozioari eta gehiegikeriei amaiera emateko.

  • Alokairuaren prezioen interbentzioa: Hego Euskal Herri osora hedatu behar dira tentsiopeko guneak; prezioak apaltzeko indize propioak ezarri, eta alokairu-kontratu mugagabeak edo iraupen luzekoak zabaldu.

  • Alokairuko parke publikoa handitu: Etxebizitzako inbertsio publikoa epe laburrean BPGaren % 1eraino handitu; mailaka % 2raino igo, eraikuntza eta kudeaketa publikoa lehenetsiz, sustatzaile pribatuekiko menpekotasuna amai dadin.

  • Etxebizitzaren fiskalitatea aldatu: Jabeentzako hobari fiskalak kendu eta jabe handien sarreren gaineko zerga handiagoak ezarri.

  • Etxebizitza esparru propiorantz jo: Eskumen osoa eskatu behar da hainbat alorretako araugintza hemen egiteko (alokairua, jabetza, finantzaketa, etxebizitzaren xede soziala eta etxegabetzeen kontrako babesa).

Azkenik, ELAk nabarmendu duenez, jendartea mobilizatzea ezinbestekoa da aldaketa hori gauza dadin; azaroaren 11ko greba orokorra aukera ona izango da egungo politikak norabide berri bat har dezan.