Gipuzkoako zabor-bilketako greba-deialdia bertan behera

2013/04/26
Gipuzkoako zabor-bilketako greba-deialdia bertan behera
Akordioaren sinatzaileak, alde batetik, ELA —ordezkaritza osoaren %64 duena— eta sektorean ordezkaritza duten gainerako sindikatuak izan dira, eta bestetik, FCC eta CESPA Zerbitzu Elkartea patronalak. Hori dela-eta, bertan behera geratu da greba mugagabea egiteko deialdia, maiatzaren 7an hastekoa zena.

Lan-erreformaren giltzarri diren alderdietatik —ultraktibitatea eta hitzarmena salbuestea— blindaturik geratu da hitzarmena. Soldata-igoerek, bestalde, eroste-ahalmena bermatuko dute.

Hitzarmenak lau urtetan iraungo du indarrean (2012-2015), eta beste sei urteko aurrera-eragina (urltraktibitatea) izango du. Gainera, enpresak ezin izango du hitzarmena aurkeztu Arbitraje Batzordean bete gabe uzteko asmotan.

Soldata-taulek 2012an %2ko igoera izango dute, 2011koen aldean; eta atzera-eragina izango dute 2012ko urtarrilaren 1az geroztik.

2012ko taulek, 2013an, %2,4ko igoera izango dute; eta 2014 eta 2015. urteetan EAEko aurreko urteko KPIren arabera egunerako dira.

Hitzarmenaren eraginpean 1.200 langile inguru daude: zabor-bilketakoak, gaikako bilketakoak, kale-garbitzaileak, hondartza/portu/ibaietako garbitzaileak, hondakindegietakoak, birziklatze-plantetakoak, estolderia mantentzekoak, horiek guztiak Gipuzkoako hainbat enpresa azpikontratatutan lan egiten dutenak.

ELAk, sektoreko sindikatu nagusiak, azpimarratzen du “kontrata guztietara eta langile guztiekin aurrez aurre egoteko egin den ahalegin itzela”.