Noval: "Egungo eredu fiskala goitik behera aldatu behar da"

2011/10/19
Noval: "Egungo eredu fiskala goitik behera aldatu behar da"
Eredu honen oinarriak bi dira, soldata ez diren errentetan dagoen iruzurrarekiko tolerantzia eta errenta altuei nahiz kapitalari egiten zaizkion opari fiskalak.Araba eta Bizkaiko Aldundiek aberatsen interesen alde egin dute, horrela Confebask patronalaren proposamenik erreakzionarioenak onetsi dituzte.

Mikel Noval ELAko gizarte-politikako arduradunak esan duenez, “Zerga-Koordinaziorako Organoaren atzoko bileran deigarriena ez da akordiorik lortu ez izana, egungo eredu fiskala hilda dagoela esateko gaitasunik eza baizik; eredu honen oinarriak bi dira, soldata ez diren errentetan dagoen iruzurrarekiko tolerantzia eta errenta altuei nahiz kapitalari egiten zaizkion opari fiskalak”.

ELAk ostera ere gogoratu egin du egungo eredu fiskala goitik behera aldatu behar dela. Joan den ostiralean, Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru-Aldundiek Finantzen Euskal Kontseiluan erabaki zuten aurtengo eta datorren urterako administrazioen dirusarrerak espero baino txikiagoak izango direla. Zerga-politikan egin beharreko aldaketarik ez egiteak izatez “murrizketak onartzera darama, osasungintzan, irakaskuntzan eta gizarte-zerbitzuetan. Hau politika arduragabea da, eta beronen ondorioa krisi ekonomikoa, langabezia eta gizarte-babesaren gabezia areagotzea besterik ez da”.

Novalek nabarmendu duenez, “oso larria da Araba eta Bizkaiko Aldundiek edozein aldaketa blokeatzeko hartu duten jarrera. Aberatsen interesen alde egin dute, horrela Confebask patronalaren proposamenik erreakzionarioenak onesten dituztelarik”.

Gipuzkoako Aldundiari dagokionez, Novalen iritziz, egia da “proposamen hauen eta ELAk egindakoen artean desberdintasun handiak” daudela, “baina ongi irizten diogu adostasuna ez lortuagatik lurralde honetan bere proposamenari eutsiko diola esan izana”. ELAren ustez, Eusko Jaurlaritzak egiten duen moduan adostasunaren beharra aipatze jarraitzea eskuineko politikei beto ahalmena ematea da, eta aukera bakartzat murrizketak finkatzea. Aldundiaren eta ELAren proposamenen arteko desberdintasunei buruz, Novalek zehaztu du adibidez Aldundiak ez duela Sozietateen gaineko Zerga ukitzeko asmorik, ezta PFEZean lan eta kapital-errenten artean dagoen tratu desberdina bertan behera uztekoa ere. 

Novalek gogoratu du “ELAk duela hilabete eta erdi Foru-Aldundiei agiri bat bidali zien, eta han sakoneko aldaketa eragin dezaketen proposamen zehatzak jaso genituen. Horixe da hiru lurraldeetarako daukagun proposamena”.