KORRIKA

ELAk Korrikaren bukaera festan parte hartu du Bilbon

2026/03/29
ELAk Korrikaren bukaera festan parte hartu du Bilbon
ELA sindikatuak gaur parte hartu du Korrikaren bukaeraren festan, eta ehunaka militante hurbildu egin dira Bilbora euskararekin euren atxikimendua adierazteko. Horien artean egon da Mitxel Lakuntza (idazkari nagusia). Berari egokitu zaio azkenaurreko kilometro baten lekukoa eramatea, ELAkide guztien izenean.

Bi urtean behin euskararekin eta euskaldunon hizkuntza eskubideekin gure atxikipena berresteko aukera ematen du Korrikak. Korrika emozioa da. Korrika nortasun kolektiboa da. Eta Korrika Euskal Herri euskaldun baten aldeko aldarria da. Horregatik ELAk aurten ere bat egin du Korrikarekin eta beste sindikatu euskaltzaleekin batera langileon kilometroak izan ditu. 

ELAk zorionak eman nahi dizkio AEKri azken urteotako ediziorik handiena eta jendetsuena antolatzeagatik.Eragile euskarafoboetatik etorritako kritikak, presioak eta mehatxuak egon arren, euskararen aldeko milaka pertsona mobilizatzea lortu da. Parte-hartze zabal horri esker, euskal gizartean gero eta indartsuagoa den Euskal Herri euskaldun baten aldeko nahia agerian geratu da.

Edizio honetatik aurrera, ELA sindikatuak bere ekarpen eta helburu nagusiak azpimarratu nahi ditu. Batetik, langile guztiek euskaraz lan egiteko duten eskubidea aldarrikatzen du. Bestetik, lan mundu euskalduna sustatu eta sendotzea du helburu. Horretarako, ezinbestekotzat jotzen du euskaldunen antolakuntza eta mobilizazioa indartzea, alderdi politikoei eta gainerako eragileei presioa egiteko, eta benetako neurri ausart eta eraginkorrak har daitezen.