ELAk ez du baztertuko enpresa esparruko borroka

2013/06/12
Gaur ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak bildu egin dira negoziazio kolektiboa zertan den aztertzeko eta bakoitzak bere alternatiba mahairatzeko. ELAk gainerako sindikatuei esan die ez duela ulertzen “nola bazter daitekeen enpresa esparrua, patronalak erreforma baliatuz blokeatuta daukanean lurraldeetako negoziazio kolektibo sektoriala”.

ELAren iritziz hitzarmen sektorial probintzialaren bidea bakarrik defenditzea “beste garai bati dagokio; erreforma aurreko garaiari, hitzarmena derrigor bete beharrekoa zenekoa; Zapateroren eta Rajoyren erreformekin ezer aldatu ez bailitzan bezala jokatzea da”. Erreformen ondorioak ezkutatu nahi izatea “patronalari karta guztiak ematea da, eta hari aurre egiteko aukera baztertzea, erreformak hortarako aukera ematen duen esparruetan”. ELAren ustez, “mobilizazioa da lan-baldintzak bermatzeko eta patronalak helburu duen soldata jaitsiera saihesteko bide bakarra; hau da bidea, uztailaren 7aren aurretik eta ondoren”. Sindikatu honen ikuspegitik arazoa ez da “uztailaren 7an hitzarmen ugariren iraupena amaitzea, baizik zein parametrotan nahi ditugun berritu, zeintzu eduki gauden sinatzeko prest, eta zeintzu ez”.

Gainera, ELAk agerian utzi du bilera horretan CCOOen eta UGTren asmo eta helburuak argitu beharrekoak direla:

  • Madrilgo Negoziazio Kolektiboko Akordio Estatala (erdaraz AENC) defenditzen duenak ezin du aldi berean aipatu soldaten izoztea eta moderazioa baztertzeko edukiak nahi dituenik.

  • Erreformak ezartzen duen zentralizazioa, hots, hitzarmen estatalean finkatzea zer eta non negoziatzen den, betidanik erreibindikatu izan dute CCOOek eta UGTk.

  • Ezin da ontzat eman duela egun batzuk Madrilen CCOOek, UGTk, CEOEk eta CEPYMEk sinatu duten akordioa, eta era berean langileei sinestarazi ultraaktibitatearen auzia konponduta dagoela: inor ez dago derrigortuta akordioa betetzera, eta ez du ezer bermatzen.

Halaber, ELAk Lanbidearteko Akordioaren aipamena ere egin du:

  • Ez da egia Lanbidearteko Akordioak hitzarmen sektorialak blindatuko dituenik; hori esaten duten guztiek badakite ez dagoela enpresa-hitzarmenekiko blindajerik egiteko modurik.

  • Patronalak ez du akordio bat nahi, erreformak eskaintzen dituen aukerak areagotu eta soldaten jaitsierarekin jarraitu baizik; gizartean legitimatzea da bere helburu bakarra.

  • Gainera, ez da arduraz jokatzea Lanbidearteko Akordio bat negoziatzen saiatzea, jakinik Madrilgo gobernua laster erreforma gehiago egitekotan dela.