Mitxel Lakuntza: “Krisia ez betikotzeko, ezinbestekoa da erreforma fiskala egitea”

2021/05/20
Mitxel Lakuntza: “Krisia ez betikotzeko, ezinbestekoa da erreforma fiskala egitea”
Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak ziurtatu du bestela politika fiskala behar dugula enplegua eta zerbitzu publikoak babesteko: “Krisiaren irteera justuagoa lortzeko, diru sarrera gehiago behar dira, zorra handitu delako, eta hori ordaindu beharko da murrizketekin edo diru sarrera gehiagorekin. Horregatik, diru bilketa justuagoa egiten denean, enplegua sortzen da, administrazioari ematen zaiolako ahalmena; motore bihurtzen delako”.

“Paradisu fiskala” bihurtzen ari garela salatu du Lakuntzak, ordea. Enpresek etekinetatik zerga oso txikiak ordaintzen dituztelako, edo ia apenas. Horregatik, EH Bildu eta Podemosi indarrak batzeko proposamena luzatu die, nahiz eta fiskalitatearen eztabaidari heltzeko “pultsu nahikorik” ez erakutsi: “Gasteizko eta Iruñeko gobernuek ez dute fiskaltasunaz hitz egin nahi, ez dituzte gure proposamenak entzun nahi. Ez EAJk, ez PSOEk. Elkarrekin Podemos eta EH Bildu alderdiez beste jarrera bat espero dugu. Horregatik, proposatu diegu indarrak batzea”. Alderdi horiengatik “beste pultsu bat izatea” gustatuko litzaiokeela gaineratu du Lakuntzak.

Ildo beretik, gogoratu du Europako funtsek ez dutela bide hori erraztuko, alderantziz: “Baldintzatuta datoz. Jaurlaritzak iragarri dituen funtsetarako proiektuak, asmoak besterik ez dira, Espainiako gobernuak erabakiko duelako diru hori nora doan, eta badakigu diru publikoarekin elikatuko diren enpresa zehatz batzuk daudela atzean”. Horregatik, “ELAk ez ditu nahi Europako funtsak, Europako fiskalitatea baizik”. Izan ere, hamar puntuko aldea dago Europako hainbat herrialdeen eta Hego Euskal Herriko presio fiskalean.

Bestetik, Yolanda Díaz Espainiako enplegu ministroak egindako lan erreforma aldatuko duenaren iragarpenari dagokionez, Lakuntzak ez dio sinesgarritasunik aitortzen. “Hau ez da serioa”, ziurtatu du: “Agerian geratzen ari da PSOEren sinesgarritasun falta, eta baita enplegu ministroarena ere. Behin eta berriz esan du indargabetuko duela, baina.

Elkarrizketan ere beste hainbat gatazka izan ditu gogoan, hala nola, Tubacexeko “borroka eredugarria”, edota Gizpuzkoako erresidentzietako greba. Azken honi buruz, Lakuntzak azpimarratu du Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiaren ardura dagoela gatazka honen atzean: “Denok ikusi dugu nola beraien eta euren senideen osasuna jarri duten jokoan. Eta orain ez dute erantzunik”.

Entzun hemen elkarrizketa