ELAk Euskal Enplegu Publikoaren Lege Proiektua bertan behera uzteko eskatu du Legebiltzarreko batzordean

2021/10/27
ELAk Euskal Enplegu Publikoaren Lege Proiektua bertan behera uzteko eskatu du Legebiltzarreko batzordean
ELAko ordezkariek Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Segurtasun eta Justizia Batzordean salatu dutenez, Euskal Enplegu Publikoaren Lege Proiektuak 55.000 langileen behin-behinekotasuna betikotzen du eta EAEko sektore publikoa pribatizatzearen aldeko apustua egiten du. Testua Jaurlaritzak onartu du, eta Legebiltzarrean izapidetzen ari da. Sindikatuak batzordean ordezkaritza duten alderdi politikoei eskatu die testua baztertzeko eta lege propioa sortzea, besteak beste, euskalduna, independentea eta kontrol soziala izango duena; zerbitzu gehiago pribatizatzea eragotziko duena; genero berdintasunaren eta sendotzearen aldeko apustua egingo duena; eta dagoen soldata arrakalarekin amaituko duena.

Honako hauek dira testua ez onartzeko arrazoiak:

Lege-proiektuak 10 urte baino gehiago ditu, Patxi Lopezen gobernuak aurkeztutako testuaren oso antzekoa dena, eta tramitera laugarrenez aurkeztu da.

  • Legegintzaldi honetan sindikatuekin ez da negoziatu ere egin, eta aurrekoan Mahai Orokorrean ordezkaritza dugun sindikatu guztiek aho batez baztertu genuen.

  • Estatuko legediaren menpe jartzen da, euskal esparru propioari uko eginez.

  • Enpleguaren arloan:

    • Azpikontratazio eta zerbitzuen pribatizazio mugatu gabe jarraitzen du.

    • Behin-behinekotasuna oso handia izan arren (10 langiletik 4), ez du mugatzen; aitzitik, atea zabalik uzten du, handitzeko aukera eskainiz.

    • Behin-behineko kontratazioaren gehiegizko erabilerari mugarik ezarri gabe jarraitzen du, eta ez du mekanismorik aurreikusten egiturazko lanpostuak formalki sortzeko, ezta horretara behartzen duten mekanismorik ere, nahiz eta Europako Auzitegiek gai horretan arreta deitu.

       

  • Gizarteak, sindikatuek eta langileek administrazioen eguneroko kudeaketan parte hartzeko tresnak eskasak dira guztiz. Gobernuko buruzagi politikoei eta izendapen askeko kargudunei botere osoa ematen dio edozein erabaki hartzeko.

  • Administrazioak lan baldintzak alde bakarrez erabakitzeko eta akordioak ez betetzeko duen ahalmena indartzen du. Horrekin, de facto, negoziazio kolektiborako eskubidea baliorik gabe uzten du.

  • Lehen aldiz kode etiko bat ezartzen da, erabakiak hartzerakoan objektibotasunean eta independentzian oinarritzen den enplegatu publikoaren izaera bera auzitan jartzen duena.

  • Ez dago zerbitzu publikoak eta langileak euskalduntzearen aldeko benetako apusturik.

Beraz, ELAko ordezkariek Batzordean ordezkaritza duten alderdi politikoei eskatu diete testua atzera bota dezatela eta egungo egoera errotik aldatuko duen lege bat bultza dezatela eta bere alde egin dezatela:

  • Propioa, euskalduna, independentea eta kontrol soziala duena, interes orokorrari erantzungo dion zerbitzu publikoak, unibertsalak, doakoak eta kalitatezkoak bermatzeko, eta ez interes alderdikoi eta kapitalaren interesei.

  • Funtzio publikoa enplegatu publikoek beteko dutela bermatuko duena, zerbitzu gehiago pribatizatzea eragotziko duena eta enpleguari eutsiko zaiola bermatuta kontratatutako zerbitzuak arlo publikora itzuliko dituena.

  • 55.000 langile publikoei enplegua kontsolidatuko duena. Eta egungo egoera errepikatzea saihestuko duten neurriak sar daitezela.

  • Lan baldintza duinak bermatuko dituena, benetako negoziazio kolektiborako eskubidea duen mugiezintasunean eta independentzian oinarrituta, kanpoko esku-sartzerik gabe, eta alde bakarreko inposiziorik gabe.

  • Genero-berdintasunaren aldeko apustua egin dezala eta soldaten arteko arrakala amai dezala.

  • ELAk argi dauka erakundeen inplikazioa ezinbestekoa dela euskaldunon euskaraz bizi eta lan egiteko eskubidea bermatzeko. Horregatik, lege berriak benetako tresnak sortu beharko lituzke, gure administrazio publikoak eta sektore publiko osoa epe laburrean euskalduntzeko. Hurrengo 15 urteetako erretiro prozesuak erabili beharko lirateke 15 urtetan zerbitzu guztiak elebidunak izango direla bermatzeko eta langile guztiek euskara ulertzeko gaitasuna dutela ziurtatzeko.