Muñoz: “Fiskaltasun alorrean Lehendakariaren proposamena egun duguna baino txarragoa da”
Adolfo Muñoz “Txiki”, idazkari nagusiak, Mikel Noval, arlo sozialeko arduradunak eta Idoia Intxaurbe, ikerketa bulegoko kideak aurkeztu dute Bilbon Eusko Jaurlaritzak Foru-Aldundiei egin zieten proposamenaren inguruko balorazioa. ELAren iritziz, Patxi Lopezek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ahaldun Nagusiei aurkeztu dien agirian jasotako proposamenak oro har kalterako dira, eta egungo egoera okertu egiten dute. Ez dira enplegu-politikak zehazten, murrizketak iragartzen dira prestazio ekonomikoetan (Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta, Etxebizitzarako Prestazio Osagarria eta Gizarte-Larrialdietarako Laguntzak), ez dago borondaterik menpekotasun egoeran dauden pertsonentzat gizarte-zerbitzuak izateko eskubidea bermatzeko, eta fiskalitateari dagokionez, badira proposamen egokiak, baina beste batzuren ondorioz progresibitatea soilik lan-errentetan aplikatuko litzateke.
ELAko idazkari nagusiak adierazi duenez “doinu aurrerakoi baten bidez estali nahi izan ditu Lehendakariak eskuineko gobernuak hartuko lituzkeen erabakiak”. “Eskuinekoak eskuin muturrera joan dira eta ezker izenekoak atzetik dihoaz”, azpimarratu du.
Bestalde, Muñozek esan du iruzur fiskalaren aurkako neurriak ez direla eta iruzur fiskala laguntza sozialak jasotzerakoan eman daitezken gehiegikeriekin lotzea oso arriskutsua dela.