Lakuntza: “Euskararen normalizazioa ez da posible gazteleraren menpe bada”
ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak euskararen egoeraren inguruko kezka agertu du gaur Bizkaia Irratian egindako elkarrizketan. Haren esanetan, “lan munduan euskararen aurkako oldarraldiari aurre egin behar zaio”, eta larunbatean Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu du. Enplegu Publikoaren legeaz galdetuta, salatu du araudiak sarritan oztopo bihurtzen direla, eta azpimarratu du helburua euskara eta gaztelania benetan parekatzea izan beharko litzatekeela. Testuinguru horretan, PSEren jarrera kritikatu du: “euskararekin ez du arazorik, baldin eta gazteleraren menpe badago; horrek agerian uzten du ez duela euskararen normalizazioa bilatzen”.
Lakuntzak balorazio baikorra egin du Maiatzaren Lehenaren inguruan, eta nabarmendu du borroka sindikala ezinbestekoa dela langileen eskubideak bermatzeko. Bere hitzetan, eguna baliagarria izan da “borroka, grebak eta garaipenak hauspotzeko”, eta kapitalismoak sustatutako inperialismoaren, gerren eta interes ekonomikoen aurrean, berdintasuna, justizia soziala eta herrien subiranotasuna aldarrikatzeko.
Gutxieneko soldataren inguruan, auzia politikoa dela azpimarratu du. Zentzu horretan, Madrilgo Kongresuan eztabaida bultzatzeko bidera irekita dagoela azaldu du, eta beste alderdi batzuekin elkarlana bilatuko dutela iragarri du, epe motzean aurrerapausoak emateko.
Bestalde, Tubos Reunidos enpresaren egoeraz “oso kezkatuta” agertu da. Lakuntzaren hitzetan, gertatutakoa “oso larria” da eta enpresaren “arduragabekeriaren” ondorio zuzena. Gardentasun falta salatu du, eta akziodunen interesen gainetik langileen enplegua defendatzen jarraituko dutela berretsi du. Halaber, enpresaren estrategia plantilla zatikatzea dela ohartarazi du.
Testuinguru zabalagoan, Europako egoera ekonomiko eta politikoa ere kritikatu du. Bere ustez, krisi energetikoa egungo sistema kapitalista eta inperialistaren ondorio da, eta nazioarteko zenbait gobernu, bereziki AEBetako eta Israelekoak, mehatxu nagusien artean kokatu ditu. Era berean, defentsarako gastua handitzeak eta gastu sozialaren murrizketek kezka sortzen diotela adierazi du, joera hori Espainiako Estatuan ere gertatzen ari dela ohartaraziz.
Gizartearen babesari buruz galdetuta, Lakuntzak salatu du enpresek inoizko etekin handienak pilatzen dituzten bitartean, ez dela neurri ausartik hartzen herritarrak babesteko, bereziki etxebizitzaren arloan.
Azkenik, langabezia datuen inguruan, beherakada ez dela benetako hobekuntzaren seinale ohartarazi du. “Langabezia jaisten da kontratu prekarioak egiten direlako, batez ere zerbitzuen sektorean”, azaldu du, behin-behineko eta kalitate baxuko kontratuen hazkundea egiturazko arazo baten isla dela.