Zerga politika justuagoaren aldeko kanpainari ekin dio ELAk
Bihar eta etzi Araba eta Bizkaiko Diputazioen aurrean elkarretaratzeko deia egin du ELAk. Aurretik, batzarrak egingo dira gai honen inguruko hainbat zehaztasun emateko. Elkarretaratzeen ondoren, datozen asteotan hausnarketa lantegietara eta gizartera zabaltzeko asmoa dago.
Donostiako ekitaldian, Adolfo Muñoz “Txiki”, Idazkari nagusiarekin batera, Mikel Noval eta Idoia Intxaurbe, ikerketa bulegoko kideak, eta Amaia Colina ELAko arduraduna hiriburu honetan parte hartu dute.
Adolfo Muñozek adierazi du, Gipuzkoako Aldundiak hartutako neurriak azalekoak direla, zerga politikan apenas eraginik izango dutenak. Honen aurrean, benetako elkartasun politika posible egingo zukeen fiskalitatea aldarrikatu du, ELAko idazkari nagusiak.
“Egoera latza pairatzen duenak, langabezian dagoenak, ezin ditu onartu honelako neurriak eta gu beraiekin gaude. Datorren urterako Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuan murrizketa gehiago onartu nahi dute. Osasuna, hezkuntza, etxebizitza, prestazio sozialak, langileen soldatak murrizteko proposamena dago mahai gainean. ELAk ez du politika hau onartzen. Murrizketak ez dira alternatiba bakarra, ez Eusko Jaurlaritzan, ez Foru Aldundietan".
Bere hitzetan, sindikatuaren ardura da egoera salatzea eta “ELAk ez du hutsik egingo. Bere aldarrikapenetan ez du atzera egingo. Gaur Donostian izan gara eta bihar eta etzi Gasteiz eta Bilbon izango da fiskalitate justu baten alde”, azpimarratu du.