Jaurlaritzak Espainiako Gobernuak Madrilen adostutakoa aplikatuko du, langileak prekarizatuz
Eusko Jaurlaritzak sindikatuei jakinarazi die Espainiako Gobernuak eta CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek Madrilen sinatutako akordioa aplikatuko diela langileei. EAEn gutxiengoa diren sindikatuek sinatutako akordio batek euskal langile publikoen negoziazio kolektiborako eskubidea urratzen du.
Gaur, abenduak 22, Eusko Jaurlaritzako 115.000 langileen lan baldintzak negoziatzen dituen Mahai Orokorraren bilera egin da Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. ELA kexu da mahai Orokorrean ez dela negoziaziorik egiten. “Gobernuak Madrilen sinatutako akordioen berri eman besterik ez du egiten mahai horretan. Jaurlaritzak onartu du gaurko bileran Madrileko Gobernuarekin daukan aldebiko harremanetan gai hau ez dela jorratzen”, salatu du sindikatuak.
Bileran, Enplegu Publikoko sailburuordeak Mahai Orokorreko sindikatuei jakinarazi die Eusko Jaurlaritzak bere egiten duela Espainiako Gobernuak eta CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek azaroaren 27an sinatutako akordioa.
ELA sektore publikoko sindikatu nagusiaren ustez, Jaurlaritzaren erabakia "oso larria" da. Izan ere, Jaurlaritzak bere egin du euskal langile publikoak pobretzen eta prekarizatzen dituen proposamena. Soldatetan, han adostutako soldata igoerak aplikatuko dira, beraz, 2010etik %20ko galera metatzen duten langile publikoek berriro galduko dute erosahalmena.
Enpleguaren arloan, nahiz eta Pradales lehendakariak mediku gehiago izateko oztoporik ez jartzeko eskatu dion Osasun ministroari, bere Gobernuak birjarpen-tasei eustea onartu du, hau da, enpleguaren arloko erabakiak Madrilen esku jarraitzea. Espainiako estatuak du azken hitza enplegu publikoaren kontratazioari dagokionez, esparru horretako behin-behinekotasun tasa % 40tik gorakoa den testuinguru batean.
Funtzionarioek eta estatutupeko langileek ez dute oraindik erretiro partziala hartzeko eskubiderik, eta lan kontratuko langileek eskubide hori etenda izaten jarraitzen dute. Akordioak, gainera, helburu zentralizatzaile argia du lan osasunaren edo adimen artifizialaren arloetan.
Gainera, bere egiten du euskal sektore publikoan gutxiengoa duten sindikatuek sinatutako eta negoziazio mahaitik kanpo negoziatutako akordio bat, euskal langile publikoen negoziazio kolektiborako eskubidea urratuz. Hori dela eta, ELAk eta CIGek, Euskal Herriko eta Galiziako sindikatu nagusiek, helegitea aurkeztu dute epaitegietan.
ELAk mobilizazioak, ekimenak eta grebak bultzatzen jarraituko du, Euskal Herrian negoziatu daitezen lan baldintzak, soldaten galera berreskuratzea eta enplegua sendotzea. Bai enplegatu publikoena, bai gainerako euskal langileena. Ildo horretan, ELAk martxoaren 17ko greba orokorrarekin bat egiteko deia egin die euskal langile guztiei.