Zain dezagun hobetuz: etengabeko prestakuntzaren eredua, bertakoa eta kalitatezkoa (2004ko deialdia)
HOBETUZ, EAEko etengabeko prestakuntzaren erakundea, erasoen xede izan da aurten ere. Hala da, etengabeko prestakuntzaren arloan erabakitzeko eta kudeatzeko eskumena ukatzen digutenek jo egin dute berriro ere. Oraingo honetan arrazoi politikoak ez ezik, prestakuntzarekin zerikusirik ez duten interesak ere nabarmendu dira.
PPko Gobernuak etengabeko prestakuntzaren arloan ezarri zuen erreforma indarrean egon da 2004ko urtarriletik hona, eta orain aldatu beharrean, PSOEk kudeatuko du, zeren ez baititu eskualdatu nahi euskal langileok etengabeko prestakuntzarako ordaintzen ditugun kuotak.
Estatuaren arau berriek erabakitzeko ahalmena murriztu diote HOBETUZi. Estatuaren arauek ahalorde osoa ematen diete enpresei planaren kostua zuzenean deskontatzeko kuotetatik, hori bai, prestakuntza-plana Madrilen aurkeztu eta gero; hori horrela, HOBETUZek kudeaketaren gainean egin ohi dituen kontrolak saihestu egiten dira. Bestalde, prestakuntza-planak egitean eta kontrolatzean sindikatuei aitortzen zaien eginkizuna urria da oso. Eta geu gara, langileok, geure kuotekin etengabeko prestakuntza finantzatzen dugunok.
Gainera, Madrilen Estatuko Enplegu Zerbitzutik (lehengo INEM) programa-kontratuak esleitu nahi dituzte, 7,4 milioi euroren bestekoak, "prestakuntza-ikastaroak emateko" banako eran. Denon ezaguna da Forcem-en kudeaketaren izen txarra, etengabeko prestakuntza emateko fondoei dagokienez.
Estatuak egin duen erreforma hau dela-eta, gertakari tamalgarri haiek errepika daitezke, etengabeko prestakuntza negozio bihurtzeko oinarriak jarri dira-eta.
Hori guztia ikusita, ELAk eta LABek CC.OO, UGT eta CONFEBASKen azpijokoa salatzen dute, EAEn HOBETUZen alde agertu arren, Madrilen erakunde horietako goi-buruek horrelako erasoak onartu edo, areago, txalotu eta bultzatu ere egiten dituzte. Inolako zalantzarik gabe, programa-kontratu horietan parte hartzen duenak, erasotzaileen kide bihurtzeaz gain, ondo agerian uzten du bere jarrera langileen aurrean, gerora begira oso kontuan hartu beharko dutena.
Egoera horretan murgildurik egin dira HOBETUZko Patronatuaren bilerak, urtero onartu beharreko deialdiak erabakitzekoak. Bilera horietan gertatu dena gertaturik, ELAk eta LABek EAEko Gobernuaren jarduna salatzen dute, gehiago arduratu baita Estatuaren arauak betetzen, eta enpresariak ez haserretzen, HOBETUZen geroa defendatzen baino, hau da, etengabeko prestakuntzarako gure ereduaren alde tinko agertzen baino. Horiek guztiak eragozpenak baino ez dira izan aurtengo deialdiak onartzeko.
Lortu beharreko akordioa lortu gabe ere, bi agindu argitaratu dira EAEko aldizkari ofizialean, eta horien bidez Administrazioak bere kabuz enpresetako prestakuntza alboratu, etengabeko prestakuntzarako fundazioaren jardute-arauak berriro hautsi, eta HOBETUZen etorkizuna kinka larrian utzi du. Agindu horien bitartez Gasteizko Gobernuak itxurak egin nahi ditu, HOBETUZen aldeko bere ekimen politiko eskasa eta konpromiso eza ezkutatzeko. Antza denez, Jaurlaritzak bi esparru jakinetara mugatu nahi du bere jarduna: lehenengo eta behin, enpresei laguntzak eskaintzera, tokian tokiko prestakuntza-beharrizanak zeintzuk diren jakiteko; eta bigarren, lanbide-heziketako ikastegietan eskaintzen den prestakuntza ematera.
ELAk eta LABek jarrera aktibo eta ausarta eskatzen diogu Jaurlaritzari, gure prestakuntza-eredua zain dezan. Eredu hori baliagarria izan behar da bai enpresetako prestakuntzan, baita banako prestakuntzan ere, eta batik bat, lanbide-heziketako ikastegietan eman behar da, langileok ordaintzen ditugun kuoten bidez ordaindu, eta kalitatea, gardentasuna eta fondoen kontrola helburu izango ditu, bestelako motibazio eta interesen aurretik.