Hitzarmenen inaplikazioen aurka elkarretaratu da ELA

2014/03/13
Hitzarmenen inaplikazioen aurka elkarretaratu da ELA
Gaur, martxoak 13, bildu da lehenengoz Hitzarmen Kolektibo Estatutarioen Inaplikazio Prozedurak Ebazteko Organoa (ORPRICCE). Bilera hasi aurretik ELAK elkarretaratzea egin du Bilboko Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzaren atarian.

Hitzarmenak ez aplikatzeko kasuei buruz EAE mailan erabaki behar duen erakunde hau formalki eratzen dela eta, ELAk honakoa adierazi nahi du:

  • Organo hau eratzea salatu egiten dugu; 2012an Rajoyren Gobernuak ezarri zuen erreforma laboralaren emaitzetako bat da.

  • Eusko Jaurlaritzak alferrik galdu du aukera ezin hobea agertzeko erreforma laboralaren aurka zinez dagoela; erreforma laboralaren edukiak nolabait langileen aldera lerratzeko parada zeukan, baina ez du baliatu.

  • Organo hau sortuta Jaurlaritzak berriro ere Patronalaren alde egin du, eta opari bat egin dio, derrigorrezko arbitrajea.

  • Erakunde hau sortzea Negoziazio Kolektiboari egindako eraso latza da, aldeek elkarrekin adostutakoa ez aplikatzeko atea irekitzen baita.

  • Gogoratu beharra dago erreformaren puntu hauxe Auzitegi Konstituzionalean errekurrituta dagoela eta, horrenbestez, ez dagoela behin betiko erabakita.

  • ELAk batzorde honetan parte hartuko du, erabat bere aurka egon arren eta bere funtsa, forma eta helburuekin bat etorri ez arren.

  • ELAk batzordean parte hartuz helburu bakarra du, hitzarmenen jarraipena egitea hasieratik amaieraino, eta parte hartzen duten erakundeen jarrera agerian uztea.

  • ELAk beti berdin bozkatuko du: BAIezkoa Batzordean inaplikazio proposamenak aztertzeari, eta EZezkoa, berriz, inaplikazioari.