CCOOek, ELAk eta LABek premiatuko dugu Geroa Baik, Bilduk, Ahal duguk eta Ezkerrak azpikontratatuetako lan-baldintzak duintzearen Kontratu Publikoen Legea onartzeko
Nafarroako Gobernuak Kontratu Publikoen Lege-proiektu bat igorri zion Parlamentuari 2017ko irailean. Orduko hartan CCOOek, ELAk eta LABek gogor kritikatu genuen proiektu haren edukia, benetako konpromiso bat erakusteko aukera galdu zelakoan, azpikontratazio bidez ematen diren zerbitzu publikoen kalitateari, eta enpleguko lan-baldintzen kalitateari dagokienez.
2017ko azaroan CCOOek, ELAk eta LABek baterako dinamika bat abiarazi genuen, Kontratu Publikoen Lege bat Parlamentuan onestea lortzeko, lan-baldintza duinak bermatze aldera (subrogazioa kontratazio publikoaren mota guztietan ziurtatzea, gutxienezko plantilla bat ezartzea...). Horretarako, Parlamentuko taldeekin bilera-txanda egin genuen (denekin, UPN eta PPrekin izan ezik, talde horiek ez gaituztelako oraindik hartu, behin eta berriz eskatu arren), eta baita elkarretaratze bat Parlamentuaren aitzinean arestiko otsailaren 8an.
Nafarroako Gobernuari eusten dioten talde parlamentarioekin (Geroa Bai, Bildu, Ahal dugu eta Ezkerra) egindako aparteko bileretan gure zuzenketekin erabat ados zeudela erran ziguten, alegia, CCOOek, ELAk eta LABek lege-proiektuari aurkezturiko zuzenketekin. Hala ere, Parlamentuak legearen izapidetzea geldiarazi du, batzorde txostengile bat eratzeko.
Horregatik guztiagatik, CCOOek, ELAk eta LABek lau alderdiko gobernua premiatzen dute Kontratu Publikoen Legea lehenbailehen onestera, enpresa azpikontratatuetako lan-baldintzak duintzearren. Egia errateko, Parlamentuan batzorde txostengile hori eratu eta legea zuzentzerik ote dagoen aztertzen den bitartean, Nafarroako Gobernuak eta bertze administrazio batzuek zerbitzuak esleitzen jarraitzen dute, eta kosturik merkeena eskaintzen dionari esleitzen diote, batzuetan zerbitzuaren beraren kostuaren azpitik, beheranzko enkante bat bailitzan; eta prozedura horrek, noski, bere eragina du enpleguan eta lan-baldintzetan.