ELAk salatzen du Nafarroako Gobernuak Polizia eta Guardia Zibilaren aldeko manifestazioan Foruzaingoa ere sartu nahi duela
ELA sindikatuak publikoki salatzen du Nafarroako Gobernuak Polizia eta Guardia Zibilaren aldeko manifestazio batean Foruzaingoa ere, dirudienez, sartu nahi duela. Ekimena era anonimoan deitu dute eta irailaren 21ean Iruñean izanen da. Zehazki, Foruzaingoaren Buruzagitzak deialdia posta elektronikoaren bidez bidali die ehunaka foruzaini, ekintza partikular eta politiko pribatu bati nolabaiteko ofizialtasuna emanez. Hain justu, deialdi horren kartelak dio: “En apoyo a las Fuerzas de Seguridad del Estado, para que nunca se vayan de Vascongadas y Navarra; para que sepan que el pueblo les quiere”.
Jakina denez, deialdia Polizia Nazionalari eta Guardia Zibilari dagokie, baina kartelean, bi erakunde horien ikurrak ez ezik, Foruzaingoarenak ere agertzen dira, euren langileak inplikatzeko asmo argiarekin. Helburu horrekin bat omen dator Foruzaingoaren Buruzagitza deialdia zabalduz eta, orduan, bere babesa emanez.
Gauzak horrela, ELAk Nafarroako Gobernuari eskatzen dio bere inplikazioa argitzeko, eta Foruzaingoaren Buruzagitzan balizko ardurak ikertzeko, manifestazio hau modu ofizialean zabaltzeagatik.
Zentzu honetan, ELAk Foruzaingo integral baten apustua berresten du, Nafarroan dauden eskumen guztiak bereganatuz. UPNko Gobernuak, aldiz, Estatu Segurtasun Indarrak Nafarroan mantentzeko apustua egin du, baina hori ez dator bat hurbileko eta hemengo polizia batekin, Foru Parlamentuaren esanetan egon behar duena.