ELAk helegitea jarri die Maiatzaren Leheneko manifestazioei Ertzaintzak ezarritako mugikortasun murrizketei

2021/04/26
Maiatzaren Leheneko manifestazioei Ertzaintzak ezarritako mugikortasun murrizketa zorrotzen aurrean, ELAk helegitea jarri du “ebazpena gehiegizkoa delako eta manifestaziorako eskubidea mugatzen duelako”.

Ostiralean, apirilaren 23an, jaso zuen sindikatuak Ertzaintzaren zuzendaritzaren ebazpena. Horren bidez, muga gogorrak ezarri dira Maiatzaren Lehenean ELAk Hego Euskal Herriko lau hiribuetan egingo dituen manifestazioei begira; zehazki, mugikortasun baimenenak asko mugatu dituzte. Hain zuzen ere, ebazpenak dio manifestazioa egiteko segurtasun neurriak bete behar direla, eta pertsonen arteko distantziez eta bestelako neurriez gain, itxialdi perimetrala ere aplikatu behar dela. Ondorioz, manifestarien mugikortasunak norbere edota protesta egingo den lekuaren itxialdi perimetralaren mugaren araberakoa izan behar du.

ELA ez dago ados, neurria gehiegizkoa delako eta manifestaziorako eskubidea mugatzen duelako. Zehazki, Jaurlartzaren (2021/16) Dekretuak baimentzen ditu ekintza sindikalerako egiten diren joan-etorriak, eta, hortaz, mugikortasun murrizketek ekintza sindikala eta manifestaziorako eskubidea baldintzatzen dituela dio. Gainera, manifestazioek iraupen mugatua dute, aurrez zehaztutako ibilbidearekin, eta, jakina, kalean egingo dira, osasun-neurri guztiak errespetatuz (maskararen erabilera, distantzia...). Beraz, lanorduetarako ezarritako mugikortasun permisibitatearekin kontrajarrita daude (kasu askotan, leku itxietan egiten da lan, manifestazioa bera baino lanaldi luzeagoekin), eta justifikatu gabekoak direla uste du ELAk.

Hori dela eta, helegitea aurkeztu du sindikatuak. Erantzunaren zain dago orain.