Laminaciones Arregui enpresako gatazka konpontzeko negoziazioa beste biderik ez dago
Jakina denez, EAEko Goi-Auzitegiko Lan-arloko Salak 2012ko irailaren 9ko epaian baliogabetzat jo zuen Celsa Atlantic enpresako langileen kaleratze kolektiboa.
Gorenak, berriz, 2013ko irailaren 20ko epaian enpresak sartutako kasazio-errekurtsoa hein batean aintzat hartzen du, esanaz “kaleratze kolektiboak eragindako langile kopurua gehitzean langileen greba-eskubidea urratu du enpresak”, baina “lehen adierazpen horretan aipatzen den baliogabetasunak ez die eragiten lehen kontsulta aldian iragarritako 91 kaleratzeei”; hauek bidezkoak izan ziren epaileen iritziz zio ekonomikoak bazeudelako.
Horren aurrean, ELAk Auzitegi Gorenean (AG) ekinbideen baliogabetasun intzidente bat sartuko du, Auzitegi Konstituzionalari babesa eskatzeko lehen urrats gisa, AGk Celsa Atlantic (Laminaciones Arregui) enpresaren kaleratze koelktiboa dela-eta. Izan ere, greba eta askatasun sindikaleko oinarrizko eskubideak eta berdintasun eskubidea urratu direla uste baitu sindikatuak, eta baztertu egin dela ere babes judizial efektiboa.
Epaiaren oinarria datu faktiko faltsu bat da -“91 langileri eragiten dien EEE bat, greba hastean hedatu egin zena”-, eta alderdiek eskatu gabeko hainbat konturi buruz ebazpena ematen du: izapidetzen ari zen kaleratze kolektiboa hedatu izana, kaleratze kolektiboko lehen prozeduraren xehetasun formalak, baliogabetasun partziala, eta gainera, ebatzitakoa bera ez du argi zehazten: erabakiak zein langileri eragiten dien, ezta hori finkatzeko zein irizpide erabili behar den ere. Honek babes judizial efektiboa izateko eskubidea nabarmen urratzen du, ebazpen inkongruentea delako, baita arrazoizko eta zuzenbidearen araberako ebazpen bat izateko eskubidea ere.
Kaleratze kolektiboaren zio ekonomikoak balioestean, epaiak finkatzen duen irizpidearen arabera epaileen eginkizuna ez omen da “proportzionaltasun epai bat egitea zentzu tekniko-juridikoan”, baizik eta “egokitasun epai mugatuago bat”.
Alabaina, gure ustez auzitegiek erabaki egin behar dute kaleratzeko erabakiak justifikatuta dauden ala ez, eta enpresarioa ez ote den urrunegi joan bere kudeaketa ahalmena gauzatzerakoan. Izan ere, aurkakoa hainbat oinarri ahaztea litzateke: funtzio jurisdikzionalaren muina, Zuzenbidearen printzipio orokorrak eta, batik bat, Konstituziotik eta nazioarteko hitzarmenetatik eratorritako eskakizunak, hauek indarrean den ordenamendu juridikoaren parte direlarik.
Epai polemiko hau Auzitegi Goreneko Lan-Arloko Sala Nagusiak eman du; berau 13 magistratuk osatzen dute, eta hauetako seik aurkako jarrera agertu dute, bi boto partikularren bidez; honek agerian uzten du zenbateko zatiketa eta desadostasuna zegoen erreforma laboralaren funtsezko puntu baten inguruan, hain zuzen kaleratze kolektiboari buruz, oraingoan erreforma laboralaren aldeko gehiengoa gailendu bada ere. Beraz, CEOEko zuzendari tekniko baten hitzak gogoratu beharrekoak dira: hitzarmenen ultraaktibitateari dagokionez, espero omen dute Auzitegiko Lan-Arloko Salan gaia euren alde ebatziko dela, horrela Auzitegiak “eskubideen kontagailua hutsean jarriko” duelarik; jakingarria da zergatik zegoen hain seguru: “magistratuen botoak lotuta dauzkagu, eta bateko aldeaz irabaziko dugu...”
Horrenbestez, epai honek ez du argitasunik ematen, eta ez dauka zentzurik; aitzitik, bere xedea erreforma laborala berrestea da, eta eskubide laboral eta sozialen suntsipenari onespena eman nahi die; horregatik, ahal diren bide juridiko guztiak baliatuko ditugu aldarazten saiatzeko.
Arreguiko gatazka ez da amaitu. Epaiari buruz emandako iritziaz gainera, argi dago zuzen geundela aspaldion errepikatu dugun zerbaiti buruz: Arreguiko gatazka ez da bide judizialetik konponduko. Negoziatzea beste biderik ez dago hari irtenbidea emateko. Haatik, oraingoz enpresak ez du inolako mugimendurik egin.
Hain zuzen, enpresa-batzordeak eta hainbat erakundek zuzendaritzari hainbat deialdi egin arren, enpresak ez du inolako soluziorik negoziatu nahi.
Zoritxarrez, puntu honetan aurreko Jaurlaritzak eta oraingoak izan duten jarreraz ezin da gauza on askorik esan. Erresignazioz hartu izan dituzte azken hiletako enpresaren erabakiak, besterik ez. Horregatik, exijitzen dugu Jaurlaritzak bere ardura aintzat hartu eta ahal den guztia egin dezala mahai batean eragindako alderdiak biltzeko. Hori da irtenbidera iristeko modu bakarra.
Multinazionalaren estrategia Arabako bere lantegiak lan-kargarik gabe uztea da, eta ez du irtenbiderik topatu nahi duela 18 hilabete luze bizi den gatazkarentzat. Halaber, plantillako kide batzurekin banakako akordioak egin nahi ditu, baina horiek ez dute ezer konpontzen.
Horregatik, ELAk manifestazio bat deitu du datorren abenduaren 16rako, helburuokin:
-
“Arregui epaia”ren zentzugabekeria eta Auzitegi Gorenaren alde baterako joera salatzea, hots, Erreforma Laboralaren irakurketarik atzerakoiena hautatu izana.
-
Exijitzea behingoz osa dadila gatazka konpontzera eraman dezakeen negoziazio-mahai bat.