Jendearen lan egiteko premiaz baliatzen dira zentzurik gabeko eta presaka egindako egitasmoak onar ditzaten Sunsundegin

2013/03/14
ELAren aburuz azken egunotan UGTk eta UPNren gobernuak krisi delako honetan orrialderik ilunenak idatzi dituzte.

 

Sodena Sunsundeguitik irtetea bermatzea beste helbururik gabe, UGTk eta Nafarroako Gobernuak, Lourdes Goicoechea Industriako kontseilaria buru dela, langileak bahitu gisa hartu dituzte. Nafarroan oro har, eta areago Sakanan dagoen langabezia maila jasangaitzaz modu lotsagarrian baliatuta, plantilla behartu egin nahi dute etorkizunik ez duen bideragarritasun plan bat onartzera.

Sunsundeguiren moduko enpresa baten etorkizunaz hiru egunetan erabaki beharrak agerian uzten du plan hori egin dutenak ez direla sinesgarriak. Urtetan enpresa kudeatu ondoren ez dira bere egoera hobetzeko gauza izan, ezta sozio industrialik aurkitzeko ere.

Baina porrot egin duelako ardura bere gain hartu ordez, Nafarroako Gobernuak, diru-kutxa foraletatik finantzatutako UGT sindikatuarekin batera, enpresaren kinkaren errua, eta balizko itxierarena, ELAri eta LABi leporatu nahi diote. Hau lotsagabekeria bat besterik ez da. Horrela jokatzeak ez dauka dezentetik deus ere: jendearen lan egiteko premiaz baliatzen dira zentzurik gabeko eta presaka egindako egitasmoak onar ditzan.

ELAk bere babesa adierazi nahi die Altsasuko langile hauei. Sunsundeguin lan egiten dutenen kezka bere egiten du, eta nabarmentzen du Sakanarako berebiziko garrantzia duen proiektu industrial baten alde egin behar dela. Borondatezko ez den edozein irteerarik ez dugu onartzen, baina egoera kritiko honetan langileen batzarraren erabakiari bide eman behar zaio. Horregatik ELAko ordezkari bakar batek sinatuko du akordioa, batzarraren erabakiari balioa emateko; ez diogu Nafarroako Gobernuari aukera emango blokeoa lantegia ixteko aitzakia gisa erabil dezan.

Sunsundeguiren etorkizunaren alde lanean jarraituko dugu, eta langileei xantaia egiten dienei aurre egingo diegu.