Eusko Jaurlaritzak aurkezturiko Euskal Enplegu Publikoaren Lege-proiektuaren aurka egin du ELAk

2015/10/07
Eusko Jaurlaritzak aurkezturiko Euskal Enplegu Publikoaren Lege-proiektuaren aurka egin du ELAk
EUDELen, hiru aldundien eta Eusko Jaurlaritzako 6 ordezkarien aldeko botoekin Funtzio Publikoaren Euskal Kontseiluak bide eman dio Eusko Jaurlaritzaren Euskal Enplegu Publikoaren Lege-proiektuari, non lan-erreforma eta herri-administrazioko enplegu-suntsipena onartzen diren. ELAk elkarretaratzea egin du du gaur goizean honen aurka.

Gaur, urriak 7, bilera egin du Funtzio Publikoaren Euskal Kontseiluak, Eusko Jaurlaritzaren Euskal Enplegu Publikoaren Lege-proiektua aztertzeko. Kontseilu horretan kide aritzen dira Jaurlaritzaren sei ordezkari, aldundi bakoitzetik ordezkari bat, EUDELen hiru ordezkari eta lau sindikatu nagusietako sei ordezkari.ELA ( 3) ,LAB, CCOO eta UGT.

ELAko ordezkariek berriro eskatu dute bileran Jaurlaritzaren Enplegu Publikoaren Lege-proiektua berehala erretiratzeko, hurrengo arrazoi hauek direla-eta: administrazioan lan-erreforma sartzen du, euskal lege bat garatzeari uko egiten dio, eta negoziazio kolektiboaren eskubidea ukatzen du. Gizarteari, sindikatuei eta langileei administrazioaren kudeaketan parte hartzeko eskaintzen zaizkien tresnak gutxienekoak dira, botere osoa garaian garaiko gobernuko politikarien eta izendapen askeko kargudunen eskuetan geratuko da.

Enpleguari dagokionez, sektore publikoaren pribatizazioa eta azpikontratazioa finkatuko dira. Behin-behineko kontratazioa administrazioaren arazo nagusietako bat izan arren, lege-proiektuan, mugatu beharrean, ugaltzeko aukera ere zabalik uzten du.

ELAk, beste behin, aldeztu duen legea honelakoa da: bertakoa, euskalduna, independentea eta gizarte-kontrolaren menpekoa, herritarren zerbitzuari begirakoa. Gure gogoko lege horrek bermatu behar ditu lan-baldintza duinak mugikortasunik ezan eta independentzian oinarriturikoak, benetako negoziazio kolektiborako eskubidea kanpoko eskusartzerik gabea eta alde bakarreko ezarpenik gabea, eta EAEko esparru guztiak eraginpean hartzen dituena gaur egun estatu-esparrukoak direnak ere barne hartuz. Halaber, bermatu behar du funtzio publikoan enplegatu publikoak aritzen direla; zerbitzu gehiago pribatizatzea eragotzi behar du, eta kontratatutako zerbitzuak lehengoratzea ziurtatu, enpleguari eutsiz; eta gainera lanpostu hutsak eta ordezpenak betetzea eta plantillak egonkortzea helburu izan behar du.

Jaurlaritzak aurkeztutako lege-proiektua erretiratzeari uko egin dio eta bozketa gauzatu da. Bozketan lau sindikatuek uko egin diote lege-proiektuari; eta aldiz Jaurlaritzako ordezkariek, EUDELekoek eta hiru aldundietakoek aldeko botoa eman dute.

Beraz, Kontseiluak Jaurlaritzaren testuari bere sostengua eman dionez, ELAk boto partikularra aurkeztu du, testuari eman diogun ezetza adieraziz; eta orobat legebiltzarreko gainerako taldeak premiatu ditu gaur onetsitako testua ezestera, legebiltzarreko hurrengo izapidean.

ELAk mobilizazioak bultzatuz jarraituko du, lege-proiektu horri bidea oztopatzeko, EAEko sektore publikoko langileei eta orokorrean euskal herritarrei kalte larriak eragingo dizkielakoan.