ELAk Foru Gobernuari eskatu dio Alberto Pascualen Lan Auzitegiko lehendakari izendapena baliogabetzeko
Duela aste gutxi aukeratu zuten ahobatez CENek, UGTk eta CCOOk Alberto Pascual Lan Auzitegiko lehendakari. ELA sindikatuak ofizialki erregistratu du Nafarroako Gobernuak izendapena baliogabetzeko eskaera.
Jakina denez, pertsona honi “diru publikoa bidegabe erabiltzea, maula egitea eta faltsutzea” leporatu zaio, eta ez dute bere izendapenean oinarrizko zuhurtziarik hartu; ezta sartua dagoen epai-prozesuen bukaerari itxaron ere. Inputazioa kartzela zigor bihurtuz gero, organo publikoa den Lan Auzitegiaren egoera eutsiezina izango litzateke.
Zentzu honetan, Nafarroako Gobernuak erantzukizun zuzena du, Nafarroako Aurrekontuekin ordaintzen baita bere osotasunean Lan Auzitegia, eta hortik aterako baita Alberto Pascuali ordainduko zaion soldata. Hori dela-eta, Gobernuak ezin du beste alde batera begiratu, eta CENek, UGTk eta CCOOk azken izendapen honen ondorio larrien erantzulea izango da.
Alde batetik, gogoratu behar da aurreko aukeratze-prozesua, 2004an, publikoa izan zela, eta hamarnaka hautagai aurkeztu zirela. Oraingo honetan, aldiz, aukeratze-prozesua iluna izan da eta komunikabide batek egindako filtrazioagatik ezagutu dugu bere emaitza. Filtrazio honek, seguraski, hondatu egin du erabaki polemiko hau oharkabean pasatzeko zuten asmoa nafartarren artean, azken batean, hauek ordaindu behar baitute Alberto Pascualen soldata.
Bestetik, zalantzazkoa da, gutxienez, pertsona hau egokiena izatea erakunde hau zuzentzeko, objektibitate, independentzia eta zintzotasuna ezinbesteko baldintzak izan beharko luketen erakundea baita. Ez da ahaztu behar ez dela pertsona “neutrala”, patronala ordezkatu baitu profesionalki eta Caja Navarrako zuzendaritzan egon dela, eta entitate hau hondoratzen lagundu zuela.
ELAk azpimarratzen du erabaki hauek egiaztatzen dutela Alberto Pascual “beraien arteko bat” dela eta UGT eta CCOO sindikatuak laguntzen ari direla Caja Navarra suntsitu zutenak birkolokatzen, betiko eliteen eta botere taldeen zerbitzura.