ELAk Eusko Jaurlaritzari leporatu dio politika antisozialak aplikatzen ari dela eta enplegua suntsitzen duela

2015/09/22
ELAk salatu du Eusko Jaurlaritza, propaganda alde batera utzita, doikuntza politikak ezartzen ari dela oraindik, hauek oso kaltegarriak direlarik benetako solidaritate-politikak behar dituztenentzat.

ELA oso kezkatuta dago, izan ere, gobernuak lehengo ildoari eusten baitio:

1.- Eusko Jaurlaritzaren 2016ko aurrekontuetan ere lehenetsiko da zorraren ordaina eta gastu-mugari buruz Rajoyrekin itxitako akordioa (datorren urterako, defizita gehienez %0,3koa izango da). Gainera, egungo zerga-politika bidegabea mantenduta, Europarekiko presio fiskal txikiagoa gainditzea baztertzen duena, emaitza ezin okerragoa da: Jaurlaritzak bere aurrekontuak egiteko onartu eta aplikatzen dituen mugen ondorioz gizarte-politika da kaltedun nagusia. Bere politikari egindako kritikak saihesteko onartu ezineko konparazioak egiten ditu gobernuak. ELAren iritziz, gizarte-politika juzkatzeko datu homogeneoak hartu behar dira oinarritzat, esaterako: Zein beharrizan sozial zegoen 2009an eta zenbateko gizarte-gastua egiten zen? Zein beharrizan dago gaur, eta zenbateko gastua bideratzen da horretara? Konparazio honetan agerikoa da gero eta beharrizan gehiago ari dela estaldurarik gabe geratzen. Gainera, Jaurlaritzaren aurrekontua Osasun edota Hezkuntza arloetan 2015ean 2009an baino nabarmen txikiagoa da.

2.- ELAk salatu du politika honek zuzeneko zein zeharkako enpleguan eragin oso kaltegarria duela. Gobernuak enplegua bere administrazioan bertan murrizten du, eta Sozietate Publikoetan lanpostuak suntsitzeko irizpideak ematen ditu (adibidez, EITBn aurkeztu duten EEEan PPren erreforma laborala aplikatzen du, zio ekonomikoak argudiatuz), baita administrazioarentza lan egiten duten azpikontratetan ere.

3.- Ez da egia enplegu duina Jaurlaritzaren lehentasuna denik. Aski da bere ardurapeko eremuetan egiten duen politika aztertzea. Kezkatzekoa da Jaurlaritzaren eremuetan, sozietate publikoetan eta azpikontratetan enplegua suntsitzea, eta gobernuak azpikontraten esparruan miseria laborala hedatzea. Areago, soldata jaitsierarako politika hau gauzatu ahal izateko, ELAk aurkeztu eta 110.000 sinadurak babestutako Herritar Legegintza Ekimenari (HLE) ahal duen oztopo guztiak jartzen dizkio, honen helburua eremu azpikontratatuetan lan-baldintza duinak bermatzea baita.

ELAk exijitzen du politika hauek alde batera utz daitezela. Jaurlaritzak esanagatik bere lehentasuna gizarte-politika eta enplegu duina dela, egiten duen politikak ez dauka horrekin zerikusirik.