Nafarroako ELAko ordezkarien batzarra eta elkarretaratzea #U30GrebaOrokorra lantzeko

2020/01/10
Nafarroako ELAko ordezkarien batzarra eta elkarretaratzea #U30GrebaOrokorra lantzeko
ELAk batzarra egin du gaur Nafarroako Antzerki Eskolan, eta sindikatuko 300 ordezkari inguruk parte hartu dute bertan

20 egun falta dira urtarrilaren 30eko Greba Orokorrerako. Gaur ELAko 300 ordezkari inguru bildu dira Nafarroako Antzerki Eskolan, urtarrilaren 30ean Eskubide Sozialen Gutunak deitu duen Greba Orokorra lantzen jarraitzeko.

Batzarrean Imanol Pascual ELAko Nafarroako koordinatzaileak hartu du hitza, eta azpimarratu du urtarrilaren 30eko Greba Orokorra une egokian datorrela pentsioen sistema publikoa defendatzeko eta pentsio duinak aldarrikatzeko, lan-prekarietatearen aurka borrokatzeko eta lan-erreformak eta estatalizazioa bertan behera uzteko eta eskubide sozialak berreskuratzeko. Greba ere beharrezkoa da goraka doan faxismoari aurre egiteko, antidotorik onena mobilizazioa, elkartasuna, eta ahalduntze soziala direlako.

Batzarraren ostean elkarretaratzea egin dute Udaletxeko Plazan.