Erandioko udala kondenaturik, askatasun sindikalerako funtsezko eskubidea urratzeagatik
Maiatzaren 6an ELA-ordezkariek bilera bat egin zuten alkatearekin eta funtzio publikoaren zinegotziarekin. Bi epai horiek, irmoak dagoeneko, aipatu ziren, eta epaiketaren zain dagoen beste demandari buruzko iritzia eskatu zitzaien udalkideei. Auzi hori, funtsean, Udalak Udalhitz hitzarmenaren 147. artikuluaz 2015ean egin zuen interpretazio okerrari buruzkoa da.
ELAk salatu duenez, udalak nahierara aldatu du Udalhitz akordioaren 147. artikuluaren interpretazioa —Udalhitz, euskal toki-erakundeetako pertsonalaren lan-baldintzak erregulatzen dituen akordioa da—. Aipaturiko artikuluan aitortzen zaie ordezkariei liberazio osoa hartzeko eskubidea, beste erakunde batzuetan metaturiko ordu sindikalen kredituaren kontura. Izatez, langile hori 2011. urtetik egon da liberaturik, 2015eko ekainetik ukatu dioten eskubide horri atxikiz.
Alkateak erantzun digunaren arabera orduko hartan aholkulariek esandakoari atxiki zioten; baina orain, bi epai horiek ikusita (aholkularien gomendaturikoaren ondoriozkoak), berriro aztertu beharko zuten. ELAk astearterako, hilak 10, eskatu zien erantzuna; baina erantzuna ez da heldu.
Aurrean duguna, beraz, ELAren lan sindikala oztopatzea helburu duen erabaki politiko bat da. Aipatu beharrekoa da maiatzeko azken hauteskunde sindikaletan ELAk pertsonal laboralaren hiru ordezkariak lortu zituela, eta funtzionarioen Pertsonal Batzarako boto gehienak ere bai. Horregatik Pertsonalaren Batzako lehendakaritza darama ELAk maiatzetik hona.
ELAren iritziz ekimen hori ez da txiripa hutsez gertatu, lotura zuzena dago sindikatuak Erandioko Udaletxean egin dituen salaketa sutsuekin: Udalhitz akordioa ez betetzea, plantillako prekarietatea eta behin-behinekotasuna, eta azpikontratetan oinarrituriko erakunde paraleloa.
Horregatik ELA sindikatuak beste elkarretaratze bat egiteko deia egin du. Maiatzaren 31an, 11:00etatik 11:30ak arte, Erandioko Udaletxearen aurrean, erakunde horrek eskaturiko liberazio sindikalari urtebete geroago trabak jartzen jarraitzen duela salatzeko, eta arazo hori auzitara eraman beharrik ez izateko. Defentsa kolektiboaren eskubidea urratzeagatik Udalak kondenak metatu nahi ote ditu?.