Arabako Esku-hartzea Soziala

Martxoaren 18ko grebari eutsi diote, mahaian ez delako aurrerapausorik eman

2026/03/11
Martxoaren 18ko grebari eutsi diote, mahaian ez delako aurrerapausorik eman
ELAk, LABek, CCOOk eta ESK-k Aisa patronalaren jarrera eta borondate falta salatu dute. Gaur, martxoak 11, negoziazio mahaia izan dute. Langileak borrokan ari dira ekiparazioaren alde.

Urtebete baino gehiago igaro da Arabako Esku-hartze Sozialeko hitzarmen berria negoziatzen hasi zirenetik, baina ordutik Aisa patronalak ez du sektoreko langileen lan baldintzak hobetzeko inolako borondaterik erakutsi. Hala egiaztatu dute ELAk, LABek, CCOOk eta ESK-k gaur izandako negoziazio bileran. Hain zuzen horregatik erabaki dute martxoaren 18rako greba deialdiari eustea. 

Era berean, Arabako erakunde publikoei leporatu diete patronalaren blokeoaren aurrean beste aldera begiratzea. Gogorarazi dute erakundeak ere badirela zerbitzuan gertatzen denaren erantzule. Izan ere, gogorarazi dutenez, funtsezko zerbitzuak dira eta titulartasun publikoa dute, kudeaketa eredu pribatizatu baten pean.

Sindikatuek deitoratu dute duela bi aste proposamenak okerrera egin ostean, gaur patronalak ez duela proposamen berririk eraman mahaira. Are gehiago, sindikatuek salatu dute egungo proposamena 2025eko azaroan aurkeztutakoa baino okerragoa dela.

Urtarrileko eta otsaileko greba egunek jarraipen zabala izan zuten.