Hego Euskal Herriko langabeziak gora egiten jarraitzen du
BAIko (Biztanleria Aktiboaren Inkesta) azken datuek Hego Euskal Herriko langabeziak gora egiten jarraitzen dutela erakusten dute. 2012ko lehen hiruhilabetean langabezia tasa %16koa izan da, aurreko hiruhilekoan baino 0,8 puntu gehiago eta 2011ko lehen hiruhilabetean baino 1,6 puntu gehiago.
Azken urtean suntsitu diren 71.200 soldatapeko enpleguak, %37,5eko gazteen arteko langabezia tasa, edota gazteen artean dagoen %64,2ko behin-behinekotasun tasa, hondamendira garamatzaten gobernu ezberdinek erabakitzen dituzten politiken erakusle dira.
Hau da azken lan-erreforma martxan jarri zenetik argitaratu den lehen BAIa. Sindikatuaren ustez datuok, erreformaren emaitza izateaz gain, honen izaera ere erakusten dute. Non langabezia txikiagotu beharrean, enpleguaren egoera okertu besterik ez duen egin.
Kezkagarria da, gainera, gobernatzen gaituztenek inolako ardurarik ez sentitzea, eta egiten duten politikaz harro egotea, murrizketa gehiago iragarriz gainera.
ELAk egoera honen arduradun egiten ditu patronala eta gobernuak, eta Nafarroako eta EAEko instituzioei murrizketak ez aplikatzeko exijitzen die. Hala nola goitik beherako aldaketa bat politika sozial eta fiskalean, eta lan-erreforma atzera botatzea. ELAk hau lortzeko bide bakarra antolaketa eta mobilizazioa direla berresten du.