ELAk langile prekarioak antolatzeko beharra aldarrikatu du Munduko Foro Sozialean

2016/08/18
Montrealeko Munduko Foro Sozialean dagoen ELAren ordezkariek prekarietate, aldaketa klimatiko eta itun komertzialen (TTIP, CETA eta abar) aurkako hainbat eztabaida-gunetan parte hartu dute.

Mikel Novalek, ELAren ingurumen eta politika sozialaren arduradunak, Montrealen azpimarratu du “langile prekarioak antolatzea dela sindikatuen beharra, behintzat kapitalak enplegu munduan inposaturiko aldaketei erantzun egokia eman nahi badugu”.

Munduko Foro Sozialen, herrialde askotako sindikatuen praktikak ezagutzera eman dira, eta Euskal Herrian ELAk egiten ari den bezala, langile prekarioak antolatu ahal direla frogaturik geratu da.

Bestetik, aldaketa klimatikoari buruzko mintegi batean, Novalek adierazi du “gero eta sindikatu gehiago daude aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan. Hilda dagoen planeta batean ez dago lanpostu duinik. Orduan, justizia sozialaren araberako aldaketa sozialak eta ekonomikoak nahi baldin baditugu, sindikalismoak ekoizpen, banaketa eta kontsumoaren sistema berria bereganatu beharko du, halabeharrez. Tamaina handiko erronka da”.

Azkenik, ELAren nazioarteko arduraduna den Laura Gonzalez de Txabarrik salatu egin du “negoziatzen ari diren TTIPek eta antzeko itun komertzialek ez dutela merkataritza liberalizatu nahi, baizik eta lan eta ingurumen-eskubideak murriztu”. Gauzak horrela, Munduko Foro Sozialean oso argi geratu da itun hauen aurkako mundu mailako mobilizazioak bultzatu behar direla.