Gaur hasi da ELAk Gipuzkoako egoitzetan deitutako hiru egunetako greba
Gaur, maiatzak 6, hasi da hilaren 8ra arte ELAk deitu duen greba. Eragindako sektorea Gipuzkoako adinekoen egoitzak, eguneko zentroak eta etxebizitza lagunduak dira; arrazoia, 40tik gora enpresa-hitzarmen eta hitzarmen sektoriala berritzeko negoziaziorik eza. Bilerak 2014ko azaroan hasi zirenetik patronalak (ADEGI eta LARESek osatua) ez du negoziatzeko proposamen bat egin, ezta langileen ordezkariekin akordioak lortzeko kontsentsurik bilatzeko gauza izan ere.
Nabarmendu beharrekoa da Gipuzkoako Foru Aldundiak (GFA) hitzarmen kolektiboak berritu ahal izateko aurrekontua 11,5 milioi euro gehitzeko prest agertu dela, eta sektore honen finantzaketa %90ean erakunde honek osatzen du.
ELAk berriro dei egiten dio patronalari BIHARKO GIPUZKOAk eta GEROZERLANek bezala -bien artean ia 1.000 langileko plantilla dute-, arduraz jokatu eta berehala egin dezala hitzarmenak berritzeko pausoa, bere itxikeriak eta immobilismoak ez gaitzan datozen aste eta hiletan beste gatazka handi batera eraman. ELA prest dago hitz egiteko eta akordioak ixteko hitzarmen berri bat nahi duten eragile enpresarialekin, GFAk apirilaren 26an plazaratu zuen proposamenaren eta plataforma sindikalen arabera.
ELAk sektoreko langileen %56 ordezkatzen du, eta eutsi egiten dio lan-baldintzak hobetu eta normalizatzeko akordio orokor bat bilatzeko bere konpromisoari. Hilak 6 eta 7an bilkurak, kotxe-karabanak, etab. egingo ditu eskualdeetan. Zehatzago, Donostian maiatzaren 6rako agerraldi bat deitu dugu goizeko 11etan Gizarte-Politikako departamenduaren aurrean. Bertan 60 egoitzatan eta hainbat eguneko zentrotan izango den gatazkaren lehen balorazioa emango da.