Osakidetzako EPE: %38ko behin-behinekotasuna konpontzen ez duen nahastea
Osakidetzak kapitulu berri bat idatzi zuen nahaste bat izaten ari den EPE honetan. Osakidetzako langileak arazoetan murgilduta daude eta EPE honek ez ditu horiek konponduko.
Osakidetzak jakinarazi zituen 20 kategorietako azterketa datak. EPE honetan, 87 kategorietako lanpostuak eskaintzen dira.
Jakinarazitako egutegia ikusita, argi dago Osakidetzak nahierara erabiltzen dituela oposiziogileak berriro ere: kategoria batzuetan hilabete bateko aurrerapenarekin bakarrik jakinarazi dira azterketa datak; beste kasu batzuetan laster izango diren azterketa datak jakinarazi ditu baina zehaztu gabe ze kategorietako azterketak egingo diren egun horretan; horrez gain, kategoria batzuetan oposiziogileak hiru hilabete baino gutxiago izango dituzte azterketak prestatzeko, Oinarri Espezifikoak argitaratu zirenetik. Eta horrela, arazo zerrenda luze bat.
Hori gutxi balitz, aurreko EPEan deitutako 9 kategorietatik, bi kategoriatan oraindik ez dute argitaratu destinoen esleipena: Administrari Laguntzaileak eta Fisioterapeutak. Horrek egoera maltzur batean jarri ditu oposiziogileak EPE deialdi berrian inskribatzera behartuta egon direlako, tasak ordaindu eta azterketak prestatu oraindik ez dakitelako plaza lortuko duten edo ez.
Eta egoera honen arduradun bakarra Osakidetza da.
Hau gertatzen den bitartean, Osakidetza egoera idiliko bat islatzen saiatu da. Hala ere, lau zifra baino ez dugu kontuan hartu behar egoera oso bestelakoa dela konturatzeko.
Osakidetzak 35.000 langile baino gehixeago ditu, eta horietatik 19.700 baino ez dira finkoak. Bestela esateko, 15.000tik gora behin-behinekoak dira. EPE honetan 3.335 plaza eskaini dira eta prozesua amaitu ostean, behin-behinekotasuna %38ko ingurukoa izango da. Hainbesterako, ezen langile askok erretiro-adinera arte jarraitzen baitute aldi baterako egoeran.
ELAtik Osakidetzari eskatzen diogu berehala argitaratu ditzan EPE 14/15eko destinoen esleipena, Administrari Laguntzaile eta Fisioteraputa kategoriatan; EPE 16/17ko azterketa data guztiak argitaratu ditzan (egun bakoitzean ze kategoriatako azterketak egingo diren adieraziz); eta oposiziogileei azterketa prestatzeko hiru hilabeteko epea gutxienez eskaitzen dien azterketa egutegi bat argitaratu dezan.