Langabeziak gora egin du hirugarren hilabetez jarraian
Abuztuan 1.939 langabe gehiago izan dira, eta Hego Euskal Herrian 136.372 langabetu daude. Igoera izan den den arren, zifra duela urtebetekoa baino txikiagoa da, 1.187 langabe gutxiago baitaude. EAEn 1.258 pertsona batu dira langabeziaren zerrendetara abuztuan, eta Nafarroan, berriz, 681 pertsona gehiago izan dira.
Hazkundeak era berean eragin die gizonei eta emakumeei, eta batez ere zerbitzuen sektorean kontzentratu da; 1.013 langabe berri erregistratu baitira, hazkunde orokorraren erdia baino gehiago. Halaber, gazteen langabeziari buruzko datuek ez dute bilakaera positiborik adierazten: gazteen artean 362 langabe gehiago izan dira, eta 12.086 langabera iritsi da datua. Kopuru horrek gainditu egiten du duela urtebetekoa eta pandemiaren aurrekoa, eta horrek adierazten du gazteen lan-prekarietatea ez dela egoeraren araberakoa, egiturazkoa baizik.
Abuztuan egindako kontratazioak aurreko hilabeteetan ikusitako prekarietate eta behin-behinekotasun ezaugarri berak ditu. Sinatutako kontratuen % 78,8 aldi baterakoak izan dira, ehuneko hori oso altua izaten jarraitzen du eta behin-behinekotasunak murriztu gabe jarraitzen duela erakusten du.
Abuztuko zifrak ez dira positiboak eta joera kezkagarria berresten dute. Nahiz eta abuztuan langabeziak gora egin ohi duen eta aurten erregistratutako hazkundea iazko hilabete berekoa baino txikiagoa izan, udako hiru hilabeteetako (ekaina, uztaila eta abuztua) bilakaera metatua negatiboagoa da: 4.354 langabe gehiago daude HEHn. Horrez gain, kontratazioaren kalitateak okerrera egin du, eta behin-behinekotasuna oso handia da oraindik.