ELAk oso ontzat jo du Nafarroako Parlamentuak langile publikoen 35 orduko jardunaldia berreskuratze izana

2012/12/22
ELAk oso ontzat jo du atzo Nafarroako Parlamentuak langile publikoen astean 35 orduko lan jardunaldia berreskuratze izana, eta horrek frogatzen du presio sozialak eta sindikalak bere fruituak ematen dituela.

 

ELAk oso modu positiboan baloratzen du atzo UPN eta PP izan ezik gainontzeko alderdiek onartutako Foru Legea, eta orain derrigorrez, Nafarroako Gobernuak eta gainontzeko nafar instituzio guztiek 2013ko egutegiak egiteko beharra daukate, beti ere 35 orduko jardunaldia kontuan hartuz (hau da, urtean 1.592 ordu).

Jakina denez, atzo onartutako legeak beste murrizketen amaiera ekarriko duela. Horien artean, 473 euroko famili-laguntzaren supresioa; 65 urte bete ondorengo nahitaezko jubilazioa; kreditu sindikalaren %10ko murrizketa, eta abar. Hau dena ez da 2013ean indarrean egonen, eta gainera lan baldintzak judizialki aldarrikatzeko epea urte batetik lau urtera zabaldu da. Aldiz, goi kargudunen gastuak doitzeko neurriek indarrean segituko dute.

ELAk betidanik defendatu du 2012ko ekainean UPNk eta PSNk inposaturiko murrizketak 2013ean ezin genuela onartu behar, eta horien aurkako borrokak emaitzak eman behar zituela. Azkenik, horrela izan da eta borrokan diharduten langile guztiak zoriontzeko unea da. Hala ere, datorren urtean bide beretik baino jarraitzerik ez dagoela argi daukagu.