ELAk ez du sinatuko Ardogintza Hitzarmena, urriegia delakoan

2018/07/30
Akordioan uko egin zaio soldatak KPItik gora igotzeari, eta bide eman zaie enpresei hitzarmena salbuesteko

ELAk gaizki deritzo UGTren, CCOOen eta patronalaren arteko akordioaren edukiari, Nafarroako Ardogintza Hitzarmenaren oinarri izanen denari. Negoziazioaren hastapenetan ELAren, CCOOen eta UGTren plataforma bat izan zen abiapuntua, baina sektorean aritzen diren langileen zoritxarrerako, UGTk eta CCOOek plataforma hori alde batera uztea erabaki zuten. Negoziazioan izandako norabide-aldaketa horrek aurre-akordioa lortzea erraztu du, baina ez ditu konponduko Nafarroako upategietako langileek azaldu zizkiguten arazoak.

 

CCOOek eta UGTk plataforma bateratua bazter batera utzi, eta AENC estatu-akordioaren edukia beren gain hartu zuten. Akodio horren eskutik negoziazio kolektiboaren estatalizazioa hurbilduko zaigu Nafarroara, eta horrela gure arazo eta eskakizunetatik urruti dagoen jendeak urrutiko mahaietan eginen ditu akordioak.

 

CCOO, UGT eta Patronalaren akordioa hurrengo ondorio hauek ekarriko dizkigu:

  • KPItik gorako soldata-igoerei uko egitea. Oso puntu larria da, sektore honetako soldata apalak baitira.

  • Soldata-igoera hori benetakoa izateari uko egitea. Soilik hitzarmenean jasotako kontzeptuetan islatuko da.

  • 1100 € hilean, 14 ordainsaritan banaturiko gutxienezko soldatari uko egitea. Eta hori zen ELAren, CCOOen eta UGTren baterako plataformaren puntuetariko bat.

  • Enpresei aukera ematea akordioa ez aplikatzeko edo salbuesteko.

  • Lanaldi irregularra laburtzeari uko egitea.

 

Ondorioz ELAk ez du sinatuko akordioa, eta dei egiten die CCOOi eta UGTri Nafarroako negoziazio kolektiboaren estatalizazioak ekarriko digunaz arretaz pentsatzeko: upategietako langileei ondorio txarrak ekartzea, eta Nafarroako sektore-mahaiak hutsalak eta antzuak izatera kondenatzea.

 

ELAren negoziazio kolektiboaren ardatza lan-prekarietatearekin bukatzea izanen da orain arte bezala, eta borroka hori lantokirik lantoki eta sektorerik sektore eramanen dugu. Horregatik ELAk sektoreko langileak bultzatzen ditu nor bere lantokian gauzak antolatzera, lan-baldintzak duintzeko moduko enpresa-hitzarmenak lor ditzagun.