“Laval” lege suediarrek Eskubide Sozialen Karta urratzen dute

2013/11/28
ELAk poz handiz hartu du Eskubide Sozialen Europar Komitearen (ESEK) erabakia: Suediako “Laval” izeneko legediak Eskubide Sozialen Karta urratzen du. EBko Justizia Auzitegiak Laval kasuan eman zuen epaia zela-eta lege suediarra moldatu zutenean egin zituzten “Laval” legeak.

Kasu honetan eraikuntzako sindikatu suediarrak aurrez-aurre jarri zituen Laval enpresa letoniarrarekin eta bere filial suediarrarekin. Auzia hasi zen Laval enpresak Suediara langile letoniarrak eraikuntza lanak egitera bidali zituenean; langile suediarren soldata baino urriagoa ordaintzeko asmoa zuen. Hortaz, sindikatu suediarrek Lavali galdegin zioten Suedian indarrean zeuden hitzarmen kolektiboak sina zitzala, baina hark eskaria ukatu egin zuen, eta sindikatuak ekintza kolektiboak egiten hasi ziren, esaterako obrak blokeatzen. Ekintzek iraun zutelarik, filiala ixtera behartu zuten eta lekuz aldatutako langileak Letoniara itzularazi. 

Orduan Lavalek demanda sartu zien sindikatu suediarrei, zalantzan jarriaz erabaki zituzten ekintza sindikalak; gainera, kalte-ordaina eskatu zuen jasandako kalteen ondorioz. 2007 amaiera aldera Europako Justizia Auzitegiak arrazoia eman zion Lavali: Epaian ebatzi zuen sindikatu suediarren ekintzak legez kanpokoak zirela eta zerbitzuak emateko askatasuna mugatzen zutela.

Epai honek zeharo murriztu zituen sindikatuek lekuz aldatutako langileekiko zituzten eskubideak, eta izatez finkatzen zuen “oinarrizko askatasun ekonomikoak” eskubide sozialen gainetik zeudela.

Urteak igaro direnean, ESEKek adierazi du Suediak bere legedia Laval epaiaren arabera moldatu zuenean Europar Karta Soziala urratu zuela hainbat puntutan. Komitearen erabakiak zeharka kargu hartzen dio Laval epaiari, eskubide sozialak ez baitzituen nahikoa bermatu, eta sindikatuek lekuz aldatutako langileei babesa emateko eskubidea dutela aitortzen du; Suediako gobernuak legeak baldintza hauetara egokitu behar ditu.

Besteak beste, ESEKen erabakiak dio Laval legediak hitzarmen kolektiboak sustatu ordez mugatu egiten dituela, ekintza sindikalerako eskubidea asko murrizten duela eta lekuz aldatutako langileekiko tratu berdintasuna urratzen duela ordainsariei eta enpleguari dagokionez, baita negoziazio kolektiboaren onurak izateko aukerari buruz, langile nazionalekiko. Horregatik ebazten da lege horiek Europar Karta Soziala urratzen dutela.