ELAk salatzen du Baltogar enpresaren itxiera, Mungian 70 urtez egon ostean
Baltogar, S.A.U. enpresa 1943. urteaz geroztik dabil haizagailuak ekoizten industriarako, batez ere papergintza, petrokimika eta siderometalurgia arloetako industriarako; baina, baita ere, obra zibilerako, tuneletarako eta abar. Mungian du lantegia, eta 49 langile ditu nominan.
2011. urtean Fan Technologies enpresak erosi zuen %100ean gure enpresa. Fan Technologies eragiketa horretarako sortu zuten berariaz, eta sortzaileak Aeroblade (%54) eta Eusko Jaurlaritzaren Arrisku Kapitaleko Funtsak (%46) izan ziren. Eragiketa Eusko Jaurlaritzaren funts publiko handien ekarpenari esker burutu zen, garai hartan Patxi Lopez lehendakaria zelarik. Baltogarko langileoi kontatu ziguten aldaketa hura 2012-2015 Plan Estrategikoaren barruan kokatzen zela, eta xedea “fluidodinamikaren euskal polo” bat sortzea zela, hazkunderako antolamendu- eta korporazio-plan ausart batekin batera, geure teknologia garatzearren, eta negozioa dibertsifikatu eta nazioartera ateratzearren. Hori dela-eta, Baltogar Aerobladek bultzaturiko taldean sartu zen. Aeroblade, bere aldetik, Synergy enpresaren filiala da, Aernnova-ren antzera, azken hori ere Synergy-ren filiala baita %100ean.
Gaur, handiusteko asmo haietatik 2 urte igaro ostean, merkataritza-arloko epaitegiak itxierako EEE bat noiz ebatziko duen zain gaude. Aipatu beharrekoa da Baltogarko 49 langileok EEEaren aurka azaldu garela.
Akziodun berriek, enpresaren kontrola hartu zutenetik, ez dute batere ekimenik hartu enpresaren etorkizuna eta bideragarritasuna ziurtatze aldera. Hiltzen utzi dute, ezer egin barik; eta orain 49 familia langabezian geratuko dira. Lehen azaldu dugun bezala, Baltogar enpresa-talde ezagun baten kidea da, eta oso kontu finkatuak izan dituenez etekin ugari banatu ohi ditu.
Berriro ere multinazional baten erabaki estrategiko baten aurrean gaude, beste behin jarri da emaitzen kontua pertsonen etorkizunaren aurretik. Eta horrelakoetan zein da, hain zuzen, herri-erakundeen zeregina? Guk eskatzen diegu zuzenean parte hartzeko, eta industria-taldeari lanpostuen iraupena tinko eska diezaiotela. Langileok hala eskatzen ari gara konkurtso-prozeduran.
Enpresa hori ixteak ez ditu bakarrik eraginpean hartuko Baltogarko langileok, Mungialdekoak eta Txoriherrikoak ere bai, non denbora labur batean enpresa handi batzuk itxi diren, horra hor, Baltogar bera, Troquenor, Brunnschweiler eta Zardoya-Otis.