ELAk euskararen balorazio zuzena egitea eta proba fisiko baztertzaileak ezabatzea eskatu du
ELAk elkarretaratzea egin du Bizkaiko espetxearen aurrean, Basaurin, euskal espetxe eredu propioa aldarrikatzeko eta deitutako LEPetako proba fisiko diskriminatzaileak direla salatzeko.
ELAk eta plantillak bi helburu zehatz dituzte: euskara behar bezala baloratzea eta Zigor Betearazpeneko Laguntzaileen kolektiboan enplegu publikora sartzeko proba fisikoak ezabatzea.
Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Espetxeetako Lan Eskaintza Publikoaren oinarrietan euskararen ezagutza ez dago legeak ezartzen duen bezala neurtuta. Halaber, proba fisiko diskriminatzaileak ezarri ditu, beren arauetan emakumeak sartzen ez dituztenak eta oposiziogileen adin desberdinak kontuan hartzen ez dituztenak. "Proba horiek, beraz, diskriminatzaileak dira", ondorioztatu du sindikatuak.