NAFARROAKO ERRESIDENTZIAK

ELAk bere oinarriekin kontsultatuko du azken hitzarmen-proposamena

2026/04/30
ELAk bere oinarriekin kontsultatuko du azken hitzarmen-proposamena
ELAk bere oinarriekin kontsultatuko du azken hitzarmen-proposamena, patronalak uko egin baitio erosteko ahalmenari eusteko klausula bat sartzeari. Patronalak azken proposamenean funtsezko gaiak hobetu ditu, hala nola aplikatzeko bermeak, lanaldi-murrizketa egun osoetan izatea, kontratazio mugagabean hobekuntzak, eta abar, baina 2027tik 2030era bitartean KPIaren igoera bermatzeko klausula ez du jasotzen. ELArentzat harrigarria/onartezina da gainerako sindikatuek aldarrikapen hori Lehen Hitzarmena sinatzeko baldintza gisa defendatu ez izana.

Gaurko bileran, Nafarroako zaharregoitzen lehen hitzarmena sinatzeko azken proposamena aurkeztu dute patronalek. Gaur aurkeztutako proposamenak nabarmen hobetzen du aurreko astean aurkeztutakoa, eta esplizituki jasotzen ditu ELAk egindako zenbait aldarrikapen, hala nola, hitzarmena blindatzea eta aplikatze-bermea, kontratazio-neurriak langileria mugagabe egiteko edo lanaldia egun osotan murriztea.
Baina proposamenak ez du jasotzen ELArentzat ezinbestekoa den eta egoitzen Nafarroako lehen hitzarmen honetan bermatu behar den aldarrikapen bat, hots, 2027tik 2030era bitartean urte bakoitzeko KPIa bermatzea gutxieneko soldata igoera gisa. Patronalek egindako proposamenak ez du hori bermatzen; izan ere, 2026ko soldata igoera handia bada ere, gainontzeko urteetan aurreikusitako soldata-igoera KPIaren azpitik gera daiteke (adibidez, 2029. urterako, planteatutako igoera % 1,9koa baita).
ELArentzat, sektoreko lehen sindikatua dena, harrigarria da gaurko bileran aldarrikapen horren defentsan bakarrik geratu izana eta gainerako sindikatuek, LABek, CCOOk eta UGTk, hitzarmena ontzat eman izana, klausula hori gabe.
ELAko ordezkariek hainbat mobilizazio eta 22 greba egun egin dituzte 2020tik, Nafarroako lehen hitzarmena sinatzeko eta Estatuko hitzarmenak dakarren prekarietatearekin amaitzeko. Eta ELAk argi du azkenean hitzarmen hau aurrera badoa kolektiboak eramandako borrokagatik izango dela, eta sinatutako hitzarmena soilik egungo edukira iritsi bada, sindikatu batzuen jarduteko moduagatik izan dela.
Hori esanda, azken proposamena zehatz-mehatz jaso eta aztertu ondoren, ordezkariek eta afiliatuek hitzarmena sinatzeari edo ez sinatzeari buruzko erabakia hartuko dute.